Urumea arnastu proiektuan bat egin dute Arano, Goizueta, Ereñotzu eta Hernanik

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 19a

Ekainaren 14an aurkeztu zuten Ereñotzun turismo aktiboa eta natur turismoa bultzatu nahi dituen egitasmoa. Utzitako argazkia

Ekainaren 14an aurkeztu zen bailara osoko eskaintza turistikoa zabaldu nahi duen egitasmoa

Turismoa bultzatzeko proiektu bat jarri dute martxan Goizueta, Arano, Hernani eta Ereñotzuko herriek: Urumea arnastu. «Helburua da, herri mugak gainditu eta bailara osoko eskaintza turistikoa zabaltzea. Herri txikiak elkarlanean arituta, aukera gehiago dugu zentzu honetan ere garatzeko», azaldu zuten ekainaren 14an udal horietako alkate eta ordezkariek, Ereñotzun egindako proiektuaren aurkezpenean.

Turismoa bultzatzeko proiektu bat jarri dute martxan Goizueta, Arano, Hernani eta Ereñotzuko herriek: Urumea arnastu. «Helburua da, herri mugak gainditu eta bailara osoko eskaintza turistikoa zabaltzea. Herri txikiak elkarlanean arituta, aukera gehiago dugu zentzu honetan ere garatzeko», azaldu zuten ekainaren 14an udal horietako alkate eta ordezkariek, Ereñotzun egindako proiektuaren aurkezpenean.

Goizuetatik Pablo Miranda alkatea eta Pili eta Izaskun Bakero zinegotziak izan ziren aurkezpenean eta Aranotik Joxean Ruiz zinegotzia.

Nafarroa eta Gipuzkoak bat egiten duten inguru naturalean kokatzen da proiektua, hau da, Urumeako goi bailaran eta natur turismo eta turismo aktiboarekin erlazionatutako ekintzak izango dira eskaintzaren ardatz nagusia: inguruko mendiak, parke naturalak, kirolak... «bizia emango dio bailarari eta beste bailaretako eskaintzetatik desberdinduko gaitu», azaldu zuten. Horrez gain, gastronomia, kultura, ondare historikoa... ere landuko dira. Aurrera begira, pakete moduko eskaintzak ere egingo dituzte elkarrekin.

Proiektuaren hasieran besterik ez daudela azpimarratu zuten udal ordezkariek eta lanean jarraitzeko asmoa azaldu. «Itsaso alderagoko eta Nafarroa barruragoko herrietara zabaldu nahi dugu proiektua», azaldu zuten.

Proiektuaren hasierako fruitua izan da, hainbat euskarri martxan jartzea. Marka sortu dute, eskuorriak prestatu dituzte informazio orokorrarekin (Turismo bulego eta informazio guneetan eskuragarri daude) eta webgune bat jarri dute: www.urumeaarnastu.com. Wegbunea 6 ataletan banatu dute: turismo aktiboa, natur inguruneak, turismo kulturala (jaiak, kirola, monumentuak...), ezagutu herriak, galeria eta prestatu zure bidaia (ostatuak, jatetxeak, aterpeak...). horrez gain, beste bi atal daude: esperientziak eta kirol probak. Agenda ere eskuragarri dago eta sare sozialekin lotuta, facebook­a jarri dute. Euskarri ho­riek denak Bizibizikik egin ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun