6.000 lagunek parte hartu zuten ekainaren 1ean Baionan egin zen Lurralde Elkargo Bereziaren aldeko manifestaldian, hauen artean senpertar ainitzek. Hautetsiez gain, auzapez anderea buru, herritar frangok ere esku hartu zuen mobilizazioan, hauen artean gazte ainitz zelarik. Frantzia deszentralizatzeko hirugarren prozesuaren barnean, egitura berria sortu nahi dute Iparraldean hurbiltasun gehiago izateko erabakiguneekin, garapen ekonomikoa eta herritarren ongizatea hobetzeko, eta koherentzia gehiago erdiesteko tokiko kudeaketan. Baionako merkataritza ganbarak, auzapezen %65ak eta 7 legebiltzarkideetatik seik nahi dute aldaketa instituzionala. Manifestaldiaren hondarrean gehiengoaren nahia entzutea, kontuan hartzea eta gauzatzea galdetu zioten François Hollande errepublikako presidenteari. Ondoko egunetan, euskal hautetsiek eskaera hau Pariserat eramanen dute.