TTIPI-TTAPAren Hego Euskal Herriko eremuan dauden 25 udalerrietatik 17k 18.447.000 euroko zorrekin itxi zuten joan den urtea. Horixe ondoriozta daiteke Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Ministerioak argitaratu dituen datuetatik. Emandako zenbakiak udalen zor biziari dagozkie, hau da, banketxeetan dauden zorrak dira.
2011ko datuekin konparatuz, udal gehienak gerrikoa estutzen ahalegindu dira, zorra murriztu egin baitute; 2011 bukaeran 20.379.000 eurokoa zen udalen zorra. Aldiz, 2012ko abenduaren 31rako 1.932.000 euro murriztua zuten zorra. Bera, Bertizarana, Elgorriaga dira zorra igo duten udalerriak, seguruenik egindako inbertsioen ondorioz. Gisa berean, zortzi dira banketxeekin zorrik gabe segitzen duten herriak: Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Ezkurra, Goizueta, Saldias, Urroz eta Zubieta.