Batetik bestera dabiltza Arkupeak elkartekoak

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 17a

Elkarteko kideak Asturiasen Fernando ETXEBERRIA

Maiatzaren 9tik 16ra bitartean, elkarteko 104 bazkidek Kantabria eta Asturiasen barna bidaia egin zuten. Eguraldi bikaina lagun, Covadon­gako lakuak eta Fuente Dé ezagutzeko aukera izan zuten. Katedralen hondartza ere bisitatu zuten eta gehienak harrituta geratu ziren halako ingurune natural ederra ikusita. Potes inguruko gaztaren ibilbidea egin eta Liebanako monastegira ere joan ziren. Ez ziren hauek izan bisitatutako txoko berezi bakarrak. Aste beteko egonaldian, sagardoaren museoa, Soplao lezea, Santander hiriburua, Santillana, Comilla eta Laredo ere ezagutu baitzituzten.
Urteroko ohiturarekin segiz, Benidorm aldera ere egin dute bidaia. Maiatzaren 20tik ekainaren 1era, 52 bazkide izan dira bertan.  Eguraldi ederra izan zuten eta ederki pasa zuten, nahiz eta ezustekorik ere izan zuten, bazkideetako bat erori eta etxera itzuli behar izan zuelako. Aurten, bazkaltzeko La Puebla de Valverden gelditu ziren. Itzuleran berriz, Castejonen bazkaldu zuten. 
 
BORDELEKO NAZIOARTEKO AZOKA
Lau autobus beteta, denera 209 bazkide hurbildu ziren maiatzeren 30ean Bordeleko azoka famatura. Bertako postuetan eskaintzen zituzten produktuak dastatzeko, ikusteko, erosteko… aukera izan zuten. Dena den, azokako aretoaren tamainagatik eta bazkaltzeko kanpora atera behar izan zutelako, ez zuten guztia  bisitatzeko aukerarik izan. Aurtengoa ikusita, datorren urtean, bidaia beste moduren batean antolatzeko asmoa dute. Jatekoa etxe­tik eramanez edo azokan bertan bazkalduz.
 
SENDABELAR TAILERRAK
Sendabelarren in­guruko tailerrak bukatu dira. Azalpen teorikoak jaso ondotik, irteerak antolatu dituzte, sendabelarrak bildu eta ezagutzeko.
 
"ZUK AUKERATU, ZUK ERABAKI" PROGRAMA
8.170 euro eskuratu ditu Arkupeak Elkarteak, aurtengo kanpainan. Horregatik elkartekideek, eskerrak eman nahi dizkiete bazkideei eta orokorrean, beraien egitasmoaren alde egin zuten guztiei.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun