Retegitarrak omendu dituzte Eratsunen Malerrekako Egunean

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 17a

Antolatzaileek Malerreka Eguneko zapia eta zapela eman zieten Juan Ignacio eta Julian Retegiri. Fernando ETXEBERRIA

Heldu den urteko lekukoa Doneztebek hartu du

Maiatzaren 25ean, ospatu zen Malerrekako Eguna Eratsunen. Festa hasteko, bertako bi pelotari haundiei omenaldia egin zitzaien, Retegi l eta Retegi ll-ri. Antolatzaileak, Malerrekako Eguneko zapela eta lepoko zapia eman zioten oroigarri Juan Ignacio eta Julian osaba-ilobei. Bien artean, buruz buruko 17 txapel dituzte.
 
Pilotak leku berezia izan zuen ospakizunean, erakusketa ederra izan baitzen ikusgai. Eratsunen pilotari profesional izan direnen kamixetak, txapelak eta kopak, argazkiak, perio­diko errekorteak eta bertze hain­bat oroigarri ikus zitez­keen. Eskulangileek ere beraien lanak erakutsi zituzten.
 
Doneztebeko abesbatza eta Sunbilla, Ituren eta Doneztebeko dantzariak ere aritu ziren. Aizkora apustua ere izan zen bazkal aurrean Beintza-Labaiengo aizkolarien artean eta Dolareko anaiak nagusitu ziren. Herri bazkarian, zubietarrek prestatutako paella jan zuten 120 bat lagunek. Arra­tsaldez berriz umeen jokoak eta esku pilota izan ziren frontoian. Mus txapelketako partidak ere jokatu ziren. Herriz he­rri txapeldun izandakoak bildu ziren Eratsunen eta finalean Saldiasko Periko Iturriak eta Jose Ramon Etxe­berriak irabazi zieten sunbildarrei.
 
Muxikoak ere dan­tzatu ziren arratsaldean eta heldu den urterako bestaren lekukoa hartu zuen Doneztebeko Ana Etxeberria zinegotziak, Patxi­ku Retegi Era­tsun­go alkatearen eskutik. Zubieta eta Iturengo joaldunek ere hedatu zituzten beraien joare doinuak Eratsunen.
 
Afarian ere bertze 120 bat lagun bildu ziren, festarekin segitzeko prest eta heldu den urterako Donezteben paratu zuten hitzordua.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun