Belateko tuneletik gertu izandako lur-jauzi batzuen ondorioz, N-121-A errepidearen itxiera dela eta gertaera horien bertsio ofizialik jaso ezean, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako zenbait udal elkartu eta Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuko kontseilariarekin bilera bat hitzartzea erabaki zen informazio hori eskatu ahal izateko, aldi berean errepidearen irekiera ahalik eta azkarren burutzeko aldarrikatuz. Bilera maiatzaren 14rako deitua zegoen baina departamentutik maiatzaren 27ra atzeratu zuten.
Halako gertakariaren larritasun eta garrantzia kontutan hartuta, Sustapen Departamentutik eskualdeko udalekin egon den komunikazio falta ulergaitza iruditzen zaiela salatu dute udal ordezkariek maiatzaren 31n Malerrekako Mankomunitatean egindako agerraldian. Garbiñe Elizegi Baztango alkateak eta Marisol Taberna Berako alkateak hartu dute hitza, baina beraiekin batera Amets Inda Sunbillako alkatea, Joxe Mari Etxart Bertizaranako alkatea, Jose Luis Legarra Doneztebeko zinegotzia, Ernesto Dominguez Zubietako zinegotzia eta Jagoba Manterola Iturengo zinegotzia izan dira agerraldian.
Udal ordezkariek salatu dutenez, «Belateko tunelak ireki zirenetik, etengabeko arazoak izan dira errepide horretan, bide-segurtasuna bermatu gabe eta eskualdeko herritarrei hiriburura joateko duten bide bakarra oztopatuz». Hori dela eta hainbat eskaera egin zizkioten Luis Zarraluqui kontseilariari. Halako egoeretan zuzenean toki erakundeak informatu ditzan eta arazo hau konpontzeko administrazioak egindako lanak bertan ezagutzera eman ditzan eskatu zioten, baita «Nafarroako eta nazioarteko administrazioen baliabide nahikoak erabili daitezen, denboran gehiegi luzatzen ari den arazo honi behin betikoz konponbidea emateko».
2.000 KAMIOI EGUNERO
Modu berean, errepide honen itxierak eskualdean dakartzan eragin ekonomiko eta sozialak kontutan hartuz, segurtasuna bermatzen duen premiazko konponbide egonkor bat bilatzea nahi dute. Belateko mendatetik igarotzen den NA-1210 errepidearen gaur egungo egoera kaxkarra salatu zuten udal ordezkariek eta etorkizunean ere antzeko egoerak egon liteezkela aurreikusiz, beharrezko mantenu-lanak egin ditzatela eskatu zuten. Izan ere, 2013ko maiatzaren 2an argitaratutako datuen arabera, errepide hori egunero 2.000 kamioi inguruk erabiltzen dute, gainontzeko ibilgailuak kontutan hartuz gero, 8.000 inguruk.
Horregatik, konponketa lanak irauten duten bitartean, eskualdea zeharkatu nahi duten kamioiei bertatik igarotzeko baimena ukatzea edota baldintzatzea ere eskatu zuten, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuz, baina eskaera horri ezezkoa eman zion kontseilariak. Azken finean, Gobernuaren aldetik egoera zein den, konponbidea nola eginen den eta zenbatso denbora beharko duten arazoa konpontzeko, bertzerik ez zuten jakinarazi. Eguraldiak baldintzatuko omen du lanen akabaila, baina hiru hilabete baino lehenago ez da eginen.
Informazio hori, berandu heldu dela jakinarazi zioten udal ordezkariek, eta hauen kezka bertze bat dela, «konponketa lanak irauten duten bitartean, zer neurri hartu diren errepidea erabili behar duten bidaiarientzat, segurtasuna bermatu beharra baitago».