Elikagai Bankuen laguntza, krisiak oinarrizko beharrak irentsi ez ditzan

Eneritz IRAOLA 2013ko ekainaren 13a

Eskaria gorantz doan arren, oraindik aurreiritzi asko gainditu behar dira gaia normalizaziora irits dadin

Muturreko pobreziarekin lotzen zen beharra, askoren eguneroko arazoa bihurtu da. Krisiak eraginda, geroz eta gehiago dira oinarrizko premiak ase ezinik dabiltzanak. Mahaian jatekorik falta ez dadin, Elikagai Bankuen laguntza ezinbestekoa da aunitzentzat. Horregatik, eskualdean boluntarioak elikagaiak biltzen hasi dira gizarte zerbitzuekin elkarlanean. Elikagai kilo bakoitzarekin itxaropen kiloa banatu nahian.

 

Eneritz IRAOLA  

Langabeziak, diru laguntzak gutxitzeak edota soldata murrizketek kolokan jarri dute etxe askotako sostengua. Gizarteko sektore jakin ba­tzuen arazotzat jotzen zena zabaltzen joan da, baita duela gu­txira arte egoera ekonomiko erosoa zutenen artean ere. Horren ondorioz, eskualdean Elikagai Ban­kuetako eskariak gorantz egin du azken urteetan.  Datu kezkagarriak dira eta gehiago jakinik, errea­litatearen zati bat soilik uzten dutela agerian. Aurreiritzi eta lo­tsen ondorioz, asko direlako sokak lepoa estutu a­rren, egoera isilean bizi eta laguntza eskatzera ausar­tzen ez direnak.

 

­BALIABIDEA

«Argi utzi behar da elikagai bankua baliabide bat dela­ eta ez limosna». 

Maite PERURENA (Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuetako langilea)

 

AURREIRITZIEN MUGA

Janaria bildu eta beharrean daudenen artean bana­tzea da Elikagai Bankuen egitekoa. Zailtasunak dituztenei bidea erraztea. Hala ere, au­rreiritziak tarteko, sozial­ki mugatua dagoen gaia dela uste du Maite Perurenak, Leitzaldeko Gizarte Zerbitzuetako langileak «gizartean oraindik, ku­tsu ezkorra du Elikagai Bankuetatik lagun­tza jasotzeak. Alokairua ordaintzeko diru lagun­tzak eskatzea normal­tzat jo­tzen da, baina jatekoa eskatzeak barrena mugitzen du, sozialki pisu handia duelako». Gaizki ulertu hau konpondu beharra dagoela dio «Elikagai Bankuak ez daudelako bakarrik po­brezia larria bizi dutenei zuzenduta. Familia ba­tzuei agian, soldata hipotekak irensten die eta elikagaiak bankutik eskuratuta diruz hobe ibil litezke».

Leitzaldean, be­rriki herriko emakume talde batek eman dio bul­tzada Elikagai Bankuaren sorrerari. Hauek hasitako bideari segika Gizarte Zerbitzua antolakuntza lanetan buru belarri ari da. Premia badagoelako; orain artean eskura dituzten datuen arabera Goizueta, Areso, Arano eta Leitzan 55 familiak, orotara 115 per­tsonek beharko lukete laguntza, populazioaren %2,8ak. Horien artean, 40 adinga­be eta familia unitate bakarreko 18 pertsona izanen lirateke. 

ESKARIAK NON

Eskualde osoan duela urte batzuk arte, nagusiki elizaren inguruko taldeak aritu izan ziren eginkizun honetan. Baz­tanen esaterako, 2011 urtera arte Bidelagun elkartea aritzen zen elikagai banaketa egiten eta Lesakan orai­ndik Caritasen taldeak eskaintzen du laguntza. Bortziriak eta Male­rrekan berriz, urtetako esperientzia dute zeregin honetan Gizarte Zerbitzuek. 

Itziar Iguzkiagirrek, Bor­tzirietako Gizarte Zerbi­tzuetako langileak, azaldu digu funtzionamendua «Gizarte Zerbi­tzuetara laguntza eske etortzen direnean kasua aztertu eta irizpideak betetzen badituzte Elikagai Bankuaren berri ematen  diegu beraien esku dago gero laguntza hori onartzea edo ez». Estereotipoak  «pixkanaka aldatzen ari direla» uste du, «gaur egun herriko edozein familia egon litekeelako premian». Hala ere, gaia ez omen da publikoki azaleratzen, «oraindik ere lotsa sentitzen dute aunitzek. Ho­rregatik, janariak bana­tzeko lekua eta ordua zehazten denean, intimitatean mantendu nahi izaten dute beraien egoera».

 

­ESKATZAILE PERFILA

«Estereotipoak­ ­apur­tzen doaz, ­bertako edozein familia arrunt ­egon liteke premian». 

Itziar IGUZKIAGIRRE (Bortzirietako Udaleko Gizarte Zerbitz. Langilea)

 

HARTZAILEAK

Laguntzak emateko orduan, gehienbat irizpide ekonomikoak hartzen dira kontuan. Gutxieneko soldataren diru kopurua edo gutxiago kobra­tzen duten unitate familiarrek eskuratu dezakete laguntza. Horretaz gain, lehentasuna izanen dute guraso bakarra duten familiek edo adin txikikoak izan eta bazterketa egoeran egon edo egoteko a­rriskua dutenek. Profila betetzen dutenekin ze­rrenda bat osatu eta elikagai iturrien bila hastea da hurrengo pausoa. Hainbat sistema erabili izan dituzte urteetan zehar, Bortzirietan esate baterako, ‘Tú eliges, tú decides’ kanpainatik lortutako diruarekin erosten ziren elikagaiak. Gaur egun Baztan eta Male­rrekak bezalaxe, Nafa­rroako Elikagai Bankuari eta Europakoari egiten diete eskaria.

 

ALDAKETA

«Sobera zuenari, egoe­ra estutu delako,  pausoa gibelerat ematea kosta egiten zaio. Baina laguntza pixka batekin hobeki bizi behar badu, zergatik ez eskatu? 

Arantxa GAMIO (Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuen Langilea)

ELIKAGAI ITURRIAK

Hilean behin jaso­tzen dute Nafarroako Elikagaien Bankutik dato­rren laguntza. Supermerkatuetan bildutako oina­rrizko produktuak izaten dira edo kooperatiba eta enpresek ematen dituztenak. Europako Elikagaien Bankutik berriz, urtean hiru aldiz iristen zaie laguntza. Horietaz gain, kanpaina bereziak ere antolatzen dituzte eta Arantxa Gamiok, Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Langileak azaldu digunez indar­tsuak izaten dira oso «he­rritarren inplikazioa lor­tzen dugu eta benetan emaitza onak lortzen dira». 

 

Guztiek bat egiten dute aipatzean, Elikagai Bankuen aldeko pausoak eman behar direla.  Pausoak ahal duenak lagunduz, baina baita gaia normalizatuz ere. Lotsa eta aurreiritziak itzalean gelditu eta beharra duenak laguntza eskatu dezan. Bizirautetik bizitzera igaro daitezen. 

 

­KANPAINA

«Herriko premiak ­ikusita laguntzeko mugimendua sortu da eta pozgarria da, herritik herriaren­tzat sortutako kanpaina hauek izaten direlako eraginkorrenak».

Begoña ALBERRO (Malerrekako Udaleko Gizarte Zerbitz. Langilea)

MALERREKAN LAGUNTZA TXIKIAK, KONPONBIDE HANDIAK

 

Laguntza txikiak, konponbide handiak izan daitezkeelako

Beharrean dauden herritarrei laguntzeko sarea osatu dute Malerrekan. Herriko eragile eta elkarteek bat eginda; gurasoek, merkatariek, kirolariek, adinekoek, gazteek... beren apurra emanez, Malerrekako Elikagaien Bankuari bultzada ematea da helburua. Talde bakoitzak ekitaldiak antolatu eta jasotzen duten dirua Gizarte Zerbi­tzuen eskura uztea da asmoa, hauek elikagaiak eros ditzaten. Nafarroako Elikagaien Bankutik hilabetean behin iristen den janariaz gain, beha­rrean daudenentzat osagarri izanen da lortutakoa. Parte hartzaileak anitzak izanda mota guztietako ekitaldiak izanen dira datozen hilabeteetan. Orain arte egindakoen artean aipatu, apirilean jokatu zen Doneztebeko Mendaur eta Erreka guraso elkarteek antolatutako futbito txapelketa mistoak. Parte hartzaile bakoitzak euro bat ordaindu zuen eta horrela, 200 euro eskuratu zituzten. Laguntza txikiak pilatuz, konponbide handiak lortzeko lanean segiko dute.

Carmen azpiroz | Leitzako Emakume Boluntarioen Taldeko kidea

«Gure herriko familia eta pertsona batzuk bizi duten egoera latzean argi pixka bat jar­tzea da gure asmoa»

 

Bederatzi emakumek osatzen duen Leitzako emakume boluntarioen taldea. Hamabostean behin erlijioaren bueltan elkartzen hasi ziren, egun batean «hitzetatik ekintzetara jotzea» erabaki» zuten arte.Carmen Azpiroz taldekideak azaldu digunez, Leitzan ere krisiaren eragina nabarmena zela sumatu zuten eta «laguntza txiki batek ba­tzuen beharrak asetzen lagunduko zuela». Hariari tiraka, elikagai bilketa antolatu zuten eta gustora daude emaitzarekin «herriko emakume talde baten ideia da, herriaren mesederako izanen dena eta jasotako erantzuna oso handia izan zen». 

Jasotako elikagaiak Gizarte Zerbitzuen esku utzi zituzten, haiek banaketa egiteko. Etorkizunean ere lanean segi nahi dute «beha­rrean daudenak gizarte zerbitzuei edo apaizari esan eta guk elikagaiekin paketeak osatuko ditugu beraiei emateko». Gogotsu daude, izan ere «herriko familia eta pertsona batzuk bizi duten egoera la­tzean, argi pixka bat jartzea da gure asmoa” esan digu.  

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun