Aurreko igandean, ekainak 2, Cervera de Pisuergan (Palentzia) Gaztelako kopako azken froga jokatu zen. Transbidasoa-Euromaster-Sinertecnic taldeko Ion Zeberio elizondarra ingurutik zebilela probestuta bertan aurkeztu zen eta garaipenak gutxigatik ihes egin bazion ere bigarren postua eta mendiko sailkapena lortu zituen. Baita Palentziako produktu sorta eder bat, urdaiazpiko eta guzti.
Laisterketa nahiko gogorra zen eta 90 kilometroko ibilbideak 5 igoera zituen, horietatik 3 mendiko sailkapenerako baliagarriak. 20. kilometro inguruan hirukote bat zebilen laisterketa buruan eta igoera probestuta Ion Zeberio ihesaldiraino iritsi eta mendiko puntuak eskuratu zituen. Ondotik zazpi lagun bildu ziren laisterketa aintzinean. Tropelarekin lehia izan zuten, gibelean Burgos eta Ciclos García taldeek lana egin baitzuten.
Dena dela, helmugatik 6 kilometrora zegoen portuan erabaki zen laisterketa, Teo Casabal mirandarrak eraso aunitz eginez bere iheskideak gibelaratzea lortu zuen, Ion Zeberio hauen artean. Teo 11 segundoko abantailarekin helmugaratu zen eta atzetik helmugaratutako boskoteko sprintean Ion Zeberio azkarrena izan zen eta laisterketako 2. postua eskuratu zuen; ordurako mendiko sailkapena ere berea zen.
Asteburu honetan Sabiñanigon aritu zen taldea eta Ion Zeberio berriz ere ihesladian sartu zen eta 8. postua lortu zuen, kategorian 2. Aipatzekoa Luziano Mitxelena lesakarrak bere mailan lortutako garaipena ere, 22. helmugaratuz. Gainontzeko taldekideek ere laisterketa txukuna osatu zuten, Iñaki Villoria iruritarra 20. eta Joxe Angel Mitxelena lesakarra 42. izan ziren, Mikel Arburua igantziarrak eta Ibon Urtiaga Betelutarrak matxura batzuren ondorioz ez zuten laisterketa akitzerik izan.