Euskal Herriko zazpi lurraldeetako haur eta gaztetxo ordezkariak Burlatako auditorioan elkartuko dira igande honetan 16:00etatik aitzinera eginen den Euskal Herriko Haur eta Gaztetxoen Kantu Txapelketako Finalean. Guztira 103 kantari ariko dira oholtza gainean, horietatik bederatzi bakarlariak, bortz bikote eta hamalau talde eta 28 abesti aurkeztuko dituzte, horietatik 6 sorkuntza lanak. Musikari bezala, berriz, 50 bat laguntzaile ariko dira.
Txapelketan 6-15 urte bitarteko ikasleek parte hartzen dute bi kategoriatan banatuta, alde batetik, 6-11 urte artekoak eta bertzetik, 12-15 urte bitartekoak, eta hiru sailetan aurkez daitezke: banaka, binaka edo taldeka (hiru kantaritik hamabortzera). Tartean izanen dira eskualdeko partaideak ere: 6-11 urtekoetan, Lesaka eta Leitzako taldean Leire eta Naroa Erbiti Leitzako ahizpek eta Ane Iragorri lesakarrak parte hartuko dute, Garazi Erbiti musikaria lagun dutela. Hiri hartan izan zen kanta abestuko dute.
12-15 urtekoetan, berriz, Baztan Ikastolako taldeak Baztandarren Biltzarra 50 urte abestia kantatuko du eta kategoria berean, baina bakarka, Leire Onsalo elizondarra ariko da, Denona da garaipen da abestiarekin.
Sariak
Euskal Herriko Haur eta Gaztetxoen Kantu Txapelketan bi kategorietako bi lehenengoak sarituko dituzte, bakarlarietan bigarrena eta txapelduna, berdin bikoteka eta taldekako sailetan. Saritutakoei garaikur bana eskainiko zaie eta garaileek merezitako txapela jantziko dute.