Euskal Herriko zazpi lurraldeetako haur eta gaztetxo ordezkariak Burlatako auditorioan elkartuko dira igande honetan, 16:00etatik aitzinera eginen den Euskal Herriko Haur eta Gaztetxoen Kantu Txapelketako Finalean.
Haur-Gaztetxoen Kantu Txapelketetan 6-15 urte bitarteko ikasleek hartzen dute parte
bi kategorietan banaturik, 6-11 urtekoak alde batetik, eta 12-15 urtekoak bertzetik. Hiru sailetan har daiteke parte: banaka, binaka edota taldeka (hiru kantaritik 15era). Eta Nafarroa ordezkatuko dutenen artean, batzuk eskualdekoak izanen dira. 6-11 urtekoetan, Leitza eta Lesakako taldeak Hiri hartan izan zen abestia kantatuko dute. Leire eta Naroa Erbiti Leitzako ahizpek eta Ane Iragorri lesakarrak abestuko dute, Garazi Erbiti musikariaren laguntzarekin.
Bertzetik, 12-15 urtekoetan, Baztan Ikastolako taldeak Baztandarren Biltzarra 50 urte abestia kantatuko du eta Leire Onsalo elizondarra bakarlari gisa ariko da, Denona da garaipen da abestiarekin.
Guztira 103 kantari ariko dira oholtza gainean. Horietatik 9 bakarlari, 5 bikote eta 14 talde eta guztira 28 abesti aurkeztuko dituzte, horietatik 6 sorkuntza lanak. Musikari bezala, berriz, 50 bat laguntzaile ariko dira.
Euskal Herriko Haur-Gaztetxoen Kantu Txapelketan bi kategorietako bi lehenengoak
sarituko ditu Kantuzale Elkarteak, bakarlarietan bigarrena eta txapelduna, berdin bikoteka eta taldekako sailetan. Saritutakoei garaikur bana eskainiko zaie eta garaileek merezitako txapela jantziko dute.