Iruñea eta Irun lotzen dituen N-121-A errepidea berriz ere itxita dago, Belate parean. Azken egunetan izan diren euriteen ondorioz, lur mugimenduak somatu dituzte Belateko tunel inguruan lanean ari diren enpresako teknikariek eta prebentzio moduan, ixtea erabaki dute. Hortaz, asteburu honetatik erabiltzaileek berriz ere Belateko mendateko errepide zaharra (NA-1210) erabili beharko dute.
Azken aldian Belateko tunelen inguruan izan diren luizien ondorioz, aspaldian hizketarako gaia ematen ari da N-121-A errepidea. Joan den apirilarenn 14an eta 29an luiziak izan ziren, eta azken erortzaren ondotik, errepidea itxi egin behar izan zuten. Maiatzaren 8an zabaldu zuten Irunerako erreia, baina maiatzaren 18an berriz lurra erori ondotik, bi noranzkoetan bidea itxi egin zuten. Irunerako bidea maiatzaren 27an ireki zuten. Joan den astean Iruñerako bidea aste honetan irekitzeko asmoa iragarri zuen Nafarroako Gobernuak, baina orain euriteekin bi bideak itxita gelditu dira.
Belateko tunelen sarreran dagoen kamerak hartutako irudiak adierazgarriak dira asteburuan zer gertatu zen ikusteko. Ikusi bideoa