Errekaren Eguna ortziral eta larunbat honetan ospatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2013ko ekainaren 6a

Eguneko eskubaloi partida nagusia larunbat arratsaldean jokatuko da. Argazkian joan den urtean parte hartu zutenak.

Niko Mindegia eta Ibai Meoki ariko dira aurten ere izarren taldean

Erreka Kirol Elkarteak kirola eta besta uztartuta egun osoko besta antolatu du larunbaterako. Tartean, eskubaloi eta judo erakustaldiak izanen dira eta eguneko partida nagusian, eskubaloiko jokalari izarrek jokatuko dute. Niko Mindegia eta Ibai Meoki ariko dira, bertzeak bertze. Horrez gain, ortziralean ere hainbat ekitaldi izanen dira.

Erreka Kirol Elkarteak kirola eta besta uztartuta egun osoko besta antolatu du larunbaterako. Baina bezperan ere zenbait ekitaldi izanen dira. Hona hemen bi egunetarako prestatu duten egitaraua:

Ortzirala, ekainak 7

16:30ean Erreka Pilota Eskolako Finalak jokatuko dira 4 t'erdiaren barrenean. 20:00etan mendi eskaladari buruzko proiekzioa eskainiko da Igor Agestaren eskutik Leku Eder Zineman. 22:00etan Santa Luzia Plazan Mus Txapelketa eginen da.

Larunbata, ekainak 8

09:30etik aitzinera kiroldegian partidak. Hasteko, Errekako alebin mutilak eta neskak ariko dira, 10:30ean infantil neskak, 11:30ean infantil mutilak. Erreka eta Anaitasunaren arteko lehia izanen da, Kopa irabazi duen herriko taldea, liga irabazi duen taldearen aurka ariko da. 

12:30ean judoak hartuko du lekukoa eta erakustaldia eskainiko dute judo eskolako ikasleek. 15:30ean berriz eskubaloia, benjaminen partida izanen da. 16:30ean jubenilen eta beteranoen arteko lehia. 17:30ean hasiko da lehia nagusia: triangular haundia. Erreka A, Erre­ka B eta Izarren Taldea elkarren kontra ariko dira. Errekako talde senio­rra bi taldetan banatua eta Iza­rren konbinatu bat. Horien artean, nola ez, Niko Mindegia (Naturhouse Logroño) eta Ibai Meoki (Anaitasuna), Asobal mailan ari diren bi donez­teba­rrak ariko dira.

Aipatu, bertzalde, partiden artean Errekako Dantzarien erakustaldia izanen dela. 21:00etan Herri Afaria eginen da Santa Luzia Plazan eta gauean gaupasa DJ Luismi-rekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun