Nafarroako Herri Kirol Torneoa ekainaren 1ean abiatu da Luzaiden

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 4a

Nerea Sorondo eta Amaia Garcia beratarrek irabazi zuten arpanako lehen saioa. Artxiboko argazkia

Bigarren eta azken jardunaldia ekainaren 30ean eginen da Uharten

Nafarroako Herri Kirol Federazioan antolatzen duen Herri Kirol Torneoaren lehen jardunaldia ekainaren 1ean, larunbatean burutu zen Luzaiden. Eskualdeko kirolariak ongi ibili ziren, batez ere beratarrak. Izan ere, Fernando Etxegarai koxkor biltzen, Aritz Izuzkiza ingude altxatzen, eta Nerea Sorondo-Amaia Garcia arpanan nagusitu ziren. Josetxo Urrutia leitzarrak eta Xabier Ariztegi etxalartarrak berdindu egin zuten harri jasotzen.

Nafarroako Herri Kirol Federazioan antolatzen duen Herri Kirol Torneoaren lehen jardunaldia ekainaren 1ean, larunbatean burutu zen Luzaiden. Eskualdeko kirolariak ongi ibili ziren, batez ere beratarrak. Izan ere, Fernando Etxegarai koxkor biltzen, Aritz Izuzkiza ingude altxatzen, eta Nerea Sorondo-Amaia Garcia arpanan nagusitu ziren. Josetxo Urrutia leitzarrak eta Xabier Ariztegi etxalartarrak berdindu egin zuten harri jasotzen.

Zazpi modalitate eta kategoriatan lehian hasi dira kirolariak. Koxkor biltzen, gizonezkoetan, Berako Fernando Etxegarai izan zen bizkorrena (6:19), Elizondoko Iñaki Telletxea bigarren (6:51), Etxalarko Andoni Lasaga hirugarren (6:58), Anizko Unai Iantzi laugarren (7:01) eta Berriozarko Eder Goldarazena bosgarren (7:02). Koxkor biltzen kadete mailan ere aritu ziren Andoni Lazkanotegi (3:25) eta Asier Goia (3:40) beratarrak.

Ingude altxatzen Berako taldeko Aritz Izuzkiza nagusitu zen (57 altxaldi) Auzako Ander Iribarrenek 54 eman zition 18 kiloko ingudeari minutu batean eta Berriozarko Imanol Martinek eta Iker Lizarragak 52 eta 51 eman zizkioten.

Harrijasotzen, Etxalarko Xabier Ariztegi eta Leitzako Josetxo Urrutia aritu ziren eta denean berdindu zuten. Denera 3.375 kilo altxatu zituzten: zilindroari hamekana altxaldi, kubikoari zortzina altxaldi eta bolari hamekana altxaldi.

Zaku lasterketan ez da eskualdeko talderik izanen eta Berriozarko taldea sei segundurengatik nagusitu zitzaion Oltzako Zendeakoari.

Txinga eramaten Leitzako Josetxo Urrutia izan zen eskualdeko ordezkari bakarra eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 6 plaza eskasekin. Lehenbiziko postua Iberoko Adrian Berruezok lortu zuen, 8 plaza eta laurden pasatuak egin baitzituen eta bigarren Iruñeko Lyuben Manov izan zen, 6 plazarekin. Berriozarko Oskar Aguas laugaren izan zen (5 plaza eta laurden) eta Larragetako Alberto Oteiza bosgarren (4 plaza).

Emakumezkoen arpana txapelketan, gaur egungo Nafarroa eta Euskal Herriko txapeldunak, Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garcia izan ziren onenak. 4 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 7 epai egiteko. Eltsoko Ainhoa Iraizoa eta Ana Iraizozek 38 segundo gehiago behar izan zituzten.

Nafarroako Herri Kirol Torneoko bigarren eta azken jardunaldia ekainaren 30ean jokatuko da Iruñeko Uharten, eguerdiko 13:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun