Donamariako Bentako Haizea Luzuriaga aste osoan izanen da ETBko 'Txoriene' saioan

TTIPI-TTAPA 2013ko ekainaren 3a

Astelehenetik ortziralera emanen ditu bere errezetak sukaldaritza saioan

Donamariako Bentako Haizea Luzuriaga sukaldariaren errezetak eta kontuak ikusgai izanen dira aste honetan Euskal Telebistako Txoriene saioan. Astelehenetik ortziralera, 13:30ean eta 19:00etan eskainiko dute saioa.

Donamariako Bentako Haizea Luzuriaga sukaldariaren errezetak eta kontuak ikusgai izanen dira aste honetan Euskal Telebistako Txoriene saioan. Astelehenetik ortziralera, 13:30ean eta 19:00etan eskainiko dute saioa.

Donamariako Benta, orain hainbat urte Luzuriaga-Badiola familiak hartu zuen eta landa-etxea eta jatetxea ireki zituen. Urteak igaro arren, sendiak gogotsu jarraitzen du lanean eta orain, gainera, Lorea eta Haizea alabek bertan lan egiten dute. Haizea Luzuariaga, hain zuzen ere, jatetxeko sukaldeaz arduratzen da.

Oinarrizko ikasketak amaitu ondoren, Haizea Donostiara joan zen sukaldaritzak ikasketak egitera. Luis Irizar sukaldaritza eskolan hartu zituen klase teorikoak, eta praktikak Bergarako Koldo Lasa jatetxean eta Ibizako La Masi den Sort jatetxean burutu zituen. Ordutik Haizea ez da gelditu. Sukaldari lanetan Bartzelona, Tarragona eta Cacesereko zenbait jatetxetan ibiltzeaz gain, munduan barrena ere bidaiatu du. Japonia, Mexiko, Italia, Grezia eta New Yorken izan da bertako sukaldaritza eta kultura ezagutzen.

Azken urteetan Donamariako Bentako sukaldea zuzentzen du. Bertan, garaian garaiko produktuak erabiltzen ditu, urte-sasoi bakoitzeko produktuen arabera karta aldatuz. Guztia mimoz prestatzen du. Horrez gain, jatetxean gastronomia jardunaldiak ere antolatzen dituzte.

Xuban Intxaustik gidatzen duen "Txoriene" saioan bere errezeta goxoenen sekretuak azalduko ditu Haizeak. Astelehenean oilo kurruskaria eta foie hostopila porruarekin eta sagarrarekin prestatuko ditu. Asteartean, berriz, leka eta sesamo beltzeko tagliateliak eta Club Ranero bakailaoa, tipula kurruskariarekin eta ziazerba frijituarekin egiteko errezetak erakutsiko ditu. Asteazkeneko platerak etxeko laranja torradak karameluarekin eta txahal-masailak ardo beltzetan errege-sagar errearekin izango dira eta ostegunekoak, udaberri-bilkari kurruskaria barazki, legatz eta txangurruarekin eta euskal-txerri sekretua, Baztango onddo saltsa krematsuarekin. Ostiralean, azkenik, Baztango onddoak ogi txigortuan, baserriko arrautza gorringoarekin eta onddo-arroz krematsua Aranazko foie eskalopearekin prestatuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun