Egungo egoera soziala gero eta larriagoa da eta herritar askoren bizi-kalitatea asko ari da okertzen. Egoera hau, Malerrekako herrietara ere heldu da, eta zenbaitek egoera larriak jasaten ari dira. Bizi dugun errealitate honen ondorioz, duela hilabete batzuk, zenbait gizarte eragile elkartu ziren elkarrekin egoera hau aldatzen saiatzeko. Elikagaiak erosteko dirua bilduko zutela erabaki zuten, eta Malerrekako Mankomunitatearekin elkarlanean arituko zirela, izan ere, ekarpen hau beharra dutenen artean banatu nahi zuten.
Lehenik eta behin, eragile bakoitzak dirua biltzeko zein jarduera egin erabaki du, dirua Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari ematen dio eta Gizarte Zerbitzuak Elikagai Bankutik datozen elikagaien eskaintza osatzeko erabiltzen du. Kontuan hartu behar dugu Elikagaien Bankutik heldu diren elikagaiak lortzeko gero eta eskaera gehiago dagoela.
Maiatzaren 28an egindako prentsaurrekoan, eragileek egiten ari diren zenbait jarduera aurkeztu zituzten. Elkarrekin egin dituzten jardueren artean, Mendaur eta San Miguel ikastetxeekin batera antolatu duten logotipo eta lema txapelketa dago. Logotipoak eta lemak jarduera hauen filosofiarekin bat egin behar zuen eta parte-hartzen dugun eragile guztien aniztasuna islatu behar zuen. Logotipo eta lema irabazleak aurkeztu zituzten prentsaurrean.
Jarduera ezberdinak
Mahai inguruko kantuak II diskatik, saldutako disko bakoitzeko euro 1 Elikagaien Bankura bideratu zen. Azpimarratu nahi izan zuten Mahai inguruko kantuak taldea izan dela ekarpena egin zuen lehenbiziko eragilea.
Mendaur eta San Miguel Guraso Elkarteek Zinema antolatu zuten haur eta gaztetxoendako. Hamabostean behin eman dira pelikulak eta euro bat kobratu da sarrera bakoitza. Jende gehien biltzen den eguneko sarrerako diru guztia bideratu da Malerrekako Elikagaien Bankura. Mutiko eta neskendako areto-futbol txapelketa ere antolatu zuten Ikastetxeetako Aste Santuko oporraldiaren bigarren astean. Sarrera euro batean kobratu zen eta bildutako dirua Elikagaien Bankura bideratu zen. Doneztebeko merkatariek egin zituzten opariak parte-hartzaileen artean zozketatu ziren.
Aintzina taldeak gazta baten enkantea egin zuen. Bildutako dirua Elikagaien Bankura bideratu zen.
Doneztebe Futbol Taldeak maiatzaren 25ean jokatu zuen partiduan urdaiazpiko bat zozketatu zen, zozketatik bildu zen dirua Elikagaien Bankura bideratu zen, baita bertako tabernatik jasotakoa.
Erreka Elkarteari dagokionez, Erreka Eguneko Mus Txapelketatik bildutako dirua Elikagaien Bankura bideratu zen.
Azkenik, azpimarratu nahi izan zuten egungo egoera aldatzeko ez dituztela Administrazio Publikoen funtzioak ordezkatu nahi eta Elikagaien Bankua ez dutela epe luzerako programa bezala ikusten, izan ere, “pentsatzen dugu garrantzitsuagoa dela jarduerak egitea helburuak eta denbora ongi markatuta. Ez dugu elkarte berri bat sortu nahi, ezta bildutako diruaren inguruan publizitaterik egin nahi. Modu berri batean lan egin nahi dugu eta herritarrei bizitzen ari garen egoeraren berri eman nahi diegu”.