Europako kamioi lasterketen txapelketako proba hartu du lehen aldiz Urantzia-Los Arcosko zirkuituak. Truck Navarra-Talleres Ederki taldeko Javier Mariezkurrena Doneztebeko gidariak ezin izan zuen aitzineko postuetan ibili, baina etxekoen aitzinean gustora gidatu zuen. Ikusi argazkiak
Denera 35.000 lagun bildu ziren Urantziako zirkuituan larunbatean eta igandean eta horietatik aunitz eskualdetik eta batez ere Malerrekatik mugitutakoak ziren. Izan ere, Europako hainbat zirkuituetan ibili ondotik, Javier Mariezkurrena eta bere taldea etxetik hurbil ikusteko aukera zuten.
Ezin izan zuten aitzineko postuetan sartu, baina meritu handiko lasterketak egin zituen.
Larunbateko lehenbiziko karreran hamahirugarren izan zen eta bigarrenean hamargarren. Igandean, 13. eta 11. postuak lortu zituen.
Igandeko lehenbiziko karreran, pole positionetik atera zen Antonio Albacete piloto espainiarrak irabazi zuen, Norbert Kiss eta Markus Oestreich alemaniarraren aitzinetik. Mariezkurrena hamahirugarren izan zen, irteeran baino lau postu aitzinerago.
Arratsaldeko bigarren lasterketan, Markus Bösiger-ek lortu zuen garaipena, David Vrsecky eta Jochen Hahn-en aitzinetik. Mariezkurrena hamekagarren izan zen.