Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoaldeko XXVI. Bertsopaper lehiaketako epaimahaiak saridunak jakitera eman ditu eta sariak banatu zituen maiatzaren 31n Berako Kultur Etxean egindako ekitaldian. Guztira 170 lan entregatu dira lehiaketara. Ikusi argazkiak
10 urte arteko partaideak biltzen zituen A mailan lehenbiziko saria Berako Ekhiñe Zapiain Arlegirentzat izan da, Ikastolan erdi lo lanarengatik; bigarren sari Narbarteko Maddalen Oteiza Ollok eskuratu du Udaberria lanarengatik. Aipamena ere egin dio epaimahaiak Iratxe Muxika Karrion lesakarraren Nere ametsa lanari.
11-14 urte artekoen B mailan, lehenbiziko saria Uxue Mesa Garmendia lesakarraren Oporra lanak jaso du. Bigarren saria, Narbarteko Gaizka Agirre Urroz-en Binakako finala lanak eskuratu du. Kategoria honetan ere bi aipamen egin ditu epaimahaiak, Berako Maiana Alzuguren Udaberria lanari eta Arantzako Jon Zabalaren Bertsolaritza lanari.
15-18 urte artekoen C mailan lehenbiziko saria Azkaineko Aitor Servier-Etchechuriren Metamorfora bertso-xortak jaso du eta bigarren saria, Lesakako Ibon Txoperena Elosegiren Egun normal bat lanak.
18 urtetik goitikoen D mailan, azkenik, lehenbiziko saria Berako Julen Zelaieta Iriartek eskuratu du, Amets bizidunak lanarekin eta bigarren saria Lesakako Eneko Fernandez Maritxalarren Yes, we C.A.N. lanak eskuratu du.
Sari banaketaren aitzinetik, eskualdeko bertso-eskola ezberdinetako ikasleek beraien bertso antzeztuak eskaini zituzten oholtzan eta giro ederra izan zen Berako Kultur Etxean. Ondotik, luntxa izan zen partehartzaileentzat.