«Eskuz nahiz erremontean aurreko koadroetako xaltxa gustatzen zait»

Aitor AROTZENA 2013ko maiatzaren 31

Profesionaletan debuta egin berri duten Segurola, Larrañaga eta Aritz Juanenea. Maialen ANDRES

Aritz Juanenea Saldiasko Danbolineako semea da. 20 urte eginak ditu (1992ko urriarenn 2an jaioa zen) eta joan den urtera arte esku pilotan aritu zen jotasu. Baina Migel Mari Urrutia herritarraren aholkua segituz erremonteko saskia probatu zuen joan den urteko martxoan. Urtebete beranduago, maiatzaren 25ean debuta egin du profesionaletan Galarretan. Berekin batera, Iban Larrañaga azkoitiarrak eta Aizarnazabalgo Beñat Segurolak ere debuta egin dute Oriamendi 2010 enpresaren eskutik.

Aitor AROTZENA | SALDIAS

Esku pilotan ongi moldatzen zinen, baina erremontean egin duzu profesionaletan debuta…

Erremontean joan den urteko martxoan hasi nintzen. Esku pilotan, 6 urtetatik hasi eta 19 urte arte aritua naiz, Txarutan, Oberenan eta Errekan, eta irabaziak nituen hainbat txapel. Baina ez nuen etorkizunik ikusten eta Migel Mari Urrutia herritarrak, Mexikora joan aurretik aipatu zidan erremontea probatzeko eta holaxe hasi nintzen. Bera izan nuen maisu Euskalen egin genituen lehenbiziko hiru entrenamenduetan.

Urtebete egin duzu erremontelari afizionatu bezala, baina palmares polita osatu duzu…

Erremontean afizionatutan egin dudan urte honetan ere txapel batzuk irabaziak ditut, azkenekoa Euskal Herrikoa, Iñigo Zubeldia herritarrarekin batera eta nerekin batera debutatu duten Segurola eta Larrañaga kontrario genituela. Aurretik, iazko GRAVNekoa, Noaingo Hiru Kirolekoa eta Nafarroakoa ere irabazi nituen. Aldiz, azkeneko GRAVNeko txapelketa ez nuen irabazterik lortu.

Zer duzu gustokoagoa, esku pilota edo erremontea?

Niri beti gehiago gustatu izan zait esku pilota eta oraindik ere gustokoago dut. Baina orokorrean, pilota modalitate guziak gustoko ditut. Palan ere herriko festetan txapeldun atera nintzen. Zesta-punta probatzea falta zait.

Espero zenuen hain abudo debutatzea?

Beti badira hobetzeko gauza asko, baina nahiko ongi hartu nuen erremontearen teknika eta espero nuen debutatzea, baina ez hain abudo..

Zein helbururekin hasten zara profesionaletan?

Pixkanaka partidak jokatzea eta konfidantza hartzen joatea da lehenbiziko helburua. Partidak jokatzearen poderioz erremontera egitea espero dut eta gero, frontoiak erakutsiko du noraino ailegatzen ahal naizen.

Zein ezaugarri dituzu erremontelari bezala eta zertan hobetu behar duzu?

Ni aurrelari petoa naiz eta aurreko koadroetako xaltxa hori gustatzen zait, eskuz nahiz erremontean. Eskuz boleazalea nintzen eta erremontearekin ere tantoa bukatzea gustatzen zait, nahiz eta oraindik ez dudan erraztasun handirik. Nerekin debutatu duten horiek urteak daramazkite erremontean eta pilota nahi duten tokira bidaltzen dute. Niri horixe falta zait, pentsatzen dudan lekuan pilota jartzea.Teknikoki asko hobetu beharra dut eta konfidantza falta zait. Kantxan galdu xamarra nabila oraindik eta mugitzen ikasi behar dut. Esku pilotan zabaletik txokora jokatzen da eta erremontean txokotik zabalera gehiago jokatzen da. Hanken postura aldatu behar dut eta denborarekin hobetzea espero dut. Tantoa bukatzen ikasi beharra dut. Defentsan aritzeko moldatzen naiz, fisikoki ongi eta kolpez eta indarrez ongi moldatzen naiz, baina tantoa bukatzen ikasi beharra dut.

Baduzu ereduren bat erremontean? Zein da zure gogoko erremontelaria?

Gogokoa Migel Mari Urrutia izaten nuen, herrikoa zelako eta Mexikora joan zenean koadroko atzelaririk onena zen, oso pilotaria zen, dudarik gabe. Baina ni aurrelari aritzen naiz eta Koteto Ezkurra onen onenean ezagutu ez badut ere, oraindik ere ikaragarria da, erremontelari petoa. Oraingo koa­droan Urriza iruditzen zait onena eta berekin asko identifikatzen naiz, berak bezala indarra badut, gorpuzkeran ere berdintsuak gara.

ESKUTIK ERREMONTERA

«Esku pilotan zabaletik txokora jokatzen da gehiago eta erremontean, berriz, txokotik zabalera. Hanken postura aldatu behar dut eta denborarekin hobetzea espero dut».

«Niri beti gehiago gustatu izan zait esku pilota eta oraindik ere gustokoago dut. Baina, orokorrean, pilota modalitate guziak gustoko ditut. Palan ere herriko festetan txapeldun atera nintzen. Zesta punta probatzea falta zait orain».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun