Herri Urratseko irabaziekin Kanboko Xalbador ikastegia berritu eta haundituko dute

Franck DOLOSOR 2013ko maiatzaren 31

Franck DOLOSOR

30.000 lagun bildu dira aurten aintzira inguruan

Elkartasunaren uholdearen zain egon dira Ipar Euskal Herriko ikastolak eta aurten ere helburuak bete dituzte gure aintziraren inguruan hogoita hamargarren aldikoz ospatu den Herri Urrats bestaren karietarat. Aurten ere ehunka laguntzailek dena prestatu zuten ongi eto­rri atseginena egiteko Euskal Herri osotik eto­rri diren euskaltzale guzieri. Gehienen ustez usaian baino jende gutiagok parte hartu zuen aurtengo bestan bainan halere hor zirenak biziki gogotsu ziren. 30.000 herritar ingururen ondoan kolore guzietako hautetsiek parte hartu zuten Seaskaren ekitaldi ofizialean, lehen aldikoz Lapurdiko diputatu bat zelarik hor Sylviane Alaux sozialista. 
 
Seaskak dituen zailtasunak eta arrangurak jakinarazi eta, berri onik ere izan zen Miarritzen zabalduko duen lizeo berria konparazione. Mia­ritzeko herriko etxeak lurra eskaini du eta Akitaniako gobernuak  7.700.000 euroko laguntza eman beharra du. Martin Garitano Gipuzkoako aldun nagusiak ere parte hartu zuen ekitaldian elkartasuna eta auzolana beha­rrezkoak ikusten baititu. Gipuzkoako aldundiak 200.000 euro emanen dizkio Seaskari hiru urtez segidan. Bere al­detik, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritza berriko Kultura eta Hezkun­tza sailburuak gogoratu zuen berriki 400.000 euroko laguntza eman diola Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoari. Uriarteren erranetan elkarlanak segituko du Seaska eta Gasteizko gobernuaren artean eta ondoko egunetan aztertuko dute nola gauzatuko den xuxen. 
 
GERMAIN EZPONDA ETA CHRISTINE BESSONART
Christine Bessonart andere auzapezak Germain Ezponda Senpereko auzapez ohia eskertu zuen bere garaian ospatu baitzen lehen Herri Urrats. Erdaraz, Ezpondak azpimarratu zuen orduan jende eta bereziki hautetsi ainitz gutiago bildu zela. 1984­ko martxoan hautatua izan zen auzapez eta apirilean berean ikastolako lagunek He­rri U­rrats maiatzeko bigarren igandean munta­tzeko baimena galdetu zioten. 500 lagunentzat pentsatua zen bestak hamar aldiz jende gehiago bildu zuen. Dena den, Ezpondaren ustez Herri Urratsek adibide ona eman du beti ez baita sekulan arazorik gertatu. Bestaren eta ikastolen sortzaileen lan ja­rrai­kia goraipatu zuen gogoratuz aintziraren sortzeak sufrimendua ekarri zuela Senpererat. Herri Urratsi esker Or­tzan­go errekak euskal arima berreskuratu duela ikusteaz pozik dago Germain Ezponda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun