Desagertzeko bidean dago herria?

Fernando ETXEBERRIA 2013ko maiatzaren 31

164 bizilagun daude gaur egun Ezkurran erroldatuak. Fernando ETXEBERRIA

1999tik hona bizilagunen %33 galdu du eta gehiengoak 65 urte baino gehiago ditu

Duela hilabete ba­tzuk eskualdeko langa­bezi datuen berri eman zuen ttipi-ttapak eta datu kezkagarrien artean, Ezkurra ageri zen langa­betu gutxien zuen he­rria bezala (8). Azkeneko alean, berriz, oraindik datu kezkagarriagoak ageri ziren eskualdeko egoera demografikoaren inguruan. Gaindegiako datuen erabera, Ezkurra “alerta go­rrian” dago, epe ertaine­an desagertzeko arris­kuan. 1999tik hona bizilagunen %33 galdu du, populazioaren gehiengoak 65 urte baino gehiago ditu, 10 urtetik beherako 8 haur besterik ez dago eta amatasun indizea oso-oso pobrea da. Artikuluan ageri denez, «Ezkurrak ezaugarri demografiko beldurgarriak ditu. Oina­rri horrekin ezin dio zahartze prozesuari gain hartu».
 
Zergatik gertatu da deskalabru hau? Hainbat faktore aipatzen dira: lana herritik kanpo, oinarrizko zerbitzurik eza, komunikabideen garapen eskasa, nekazaritza gizartetik indus­trialera pasatu izana… “Ezkurra, herri berezia” liburuan prozesu demografikoari buruzko datuak biltzen dira. Lehenbiziko datuak 1197. urtekoak dira. Orduan ez zeukan forurik, guttieneko bizilagun kopururik ez zuelako. 1350. urtean 50 etxe zituen. 1796an 592 bizilagun zituen. 1940an, Espainiako Gerraren ondotik, 572 bizilagun zituen. Geroztik, behera joan da kopurua eta gaur egun 164 bizilagun daude erroldatuak. Ez da egiazko kopurua, gainera, batzuk ehizarengatik herrian erroldatuak baldin badaude ere, kanpoan bizi baitira.
 
Herriak zazpi taberna ere izan zituen, gaur egun bakarra gelditzen da. Bospasei janaridendak desagertu ziren eta 100 ikasle ere izan zituen eskolak 1999an itxi zituen ateak, bost urte baino gutxiagoko 4 ume besterik ez zeudelako. Etorkizun kezkagarri honi aurre egiteko neurri egokiak hartu beharko lirateke, baina zein? Hor dago koxka.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun