Mendirik mendi eta bidaiez bidai segitzen dute elkarteko jubilatuek

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 31

Arkupeak elkarteko mendizaleak Ireberren Fernando ETXEBERRIA

Maiatzean ere bere hitzaldi, ikastaro, bidai eta mendi ateraldiekin segitu du Arkupeak elkarteak.
 
Maiatzaren 2an 107 bazkide joan ziren Lourdesera eta aurreko urteetan bezala, elizkizunetan parte hartu zuten, baita Mikel Biain Doneztebeko apezak basilikan emandako mezan ere. Bazkalondoan errosarioa errezatu zuten eta erien prozesio hunkigarria ere ikusi zuten.
 
Mendi taldea Irebe­rrera igo zen, Uitziko gainetik abiatuta. Ondotik, ospakizuna ere izan zuten Lekunberriko LekuOnBerri jatetxean, Fernando xerpak 71 urtebetzeagatik cava kopa banara gonbidatu bai­tzituen guziak.
 
Maiatzaren 4an, be­rriz, Goiz Mendi taldeak bere ohiturari eutsi dio. Taldekide batek 70 urte betetzen dituenean mendi ateraldia eta bazkaria izaten dute. Oraingoan, Ana Huartek egin zituen urteak eta mendira joan eta gero, Mendialde jatetxean bazkaldu zuten. 
 
Ikastaroei dagokienez, sendabelarrena hasi da ostiraletan, 16:00etatik 18:00etara. Ikastaroa praktikoa izan dadin zenbait ateraldi eginen dituzte, belarrak bildu, identifikatu eta bakoitzaren ezaugarri terapeutikoak ikasteko.
 
Maiatzaren 6, 7 eta 8an, Nafarroako Piriniora joateko eta 9an Santander eta Asturias aldera atera ziren autobusak.
 
Maiatzaren 23an be­rriz, 212 bazkide joan ziren Bordeleko feria famatura. Egun bakarrean dena ikustea ezinezkoa dela aipatzen dute bertan izan direnek eta horregatik, bakoitzak interesgarriena iruditzen zaiona bixitatu zuen.
Maiatzaren 20an, Benidormera joan zen bes­te talde bat, hamabi egun pasatzera.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun