Babestutako Gizarte Lana burutzeko dirulaguntza deialdiak herri txikiak kaltetzen dituela uste dute

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 31

Mendialdeko Mankomunitatetako ordezkariak, Iruñean hilaren 22an egindako agerraldian. Utzitako argazkia

Elkarretaratzea egin dute hilaren 27an Iruñean

Nafarroako Gobernuari 2013an Toki Erakundeetarako eta hain zuzen, Babestutako Gizarte Lan proiektuak garatzeko oinarriak ezar­tzen dituen dirulagun­tzen deialdiaren Foru Agindua aldatzeko eskatu diote Ultzama, Malerreka, Altsasu, Irur­tzun, Etxarri Aranatz, Lei­tza, Bortziriak eta Baztango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek, Nafa­rroako mendialdeko herri ttikiak guztiz kaltetuak aterako direlako. Horretarako, helegitea aurkeztu diote dirulaguntza arautzen duen Foru Aginduari.
 
Gizarte Mankomunitateetako ordezkariek diotenez, «orain arteko proiektuetan ez bezala, esleipen irizpideak aldatu egin dituzte eta zonalde bakoitzeko behar zehatzei erantzuteko aukera izan beharrean, biztanlego kopuruari lehentasuna eman zaio eta ondorioz herri ttikiak kaltetan aterako dira». Azaldutako kexak bereziki azpima­rratu nahi du Mankomunitate bakoitzari jar­tzen zaion muga, mila biztanleko gehienez 3 hilabeteko kontratazioa egiteko aukera besterik ez baitu onartzen dekretuak. Horrek erran nahi du, hiriburu eta herri haundiek askoz aukera gehiago dutela kontratazioak egiteko eta aldiz, he­rri txikien aukera guztiz baldintzatua gelditzen dela.
 
Irizpide aldaketa hauek oraindik gehiago larriagotzen dituzte azkeneko hiru urtetan jasandako murrizketen ondorioak eta babestutako gizarte lanaren egoera prekarioa. Guztira %70ko murrizketa jasan du (2010ean 7.170 euroko dirulaguntza izan zuten proiektuak, eta 2013an 2.194 eurokoa besterik ez da izan). Honek kolokan utzi du gi­zarteratze beharrei erantzuteko aukera.
 
Enplegu baliabidea izateaz gain, bertan akonpainamendu sozia­laren eta formakuntzaren garrantzia azpima­rra­tu nahi dute Gizarte Mankomunitateek eta elkarretaratzea egitekoa zuten hilaren 27an Iruñe­an, Gizarte Politika Sai­leko bulegoen parean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun