Eusko Label Banakako Aizkora Txapelketako finala igande honetan jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Hiru kategoriatan ariko dira lehian, Urrezko Mailan, 23 urtez azpikoen mailan eta 18 urtetik beherakoen kategorian. 12:00etan hasiko dira finalak.
Urrezko Mailan lau aizkolari ariko dira. Floren Nazabal etxarriarra, joan den urteko txapelduna, Jon Rekondo leitzarra Nafarroako Txapelketako txapeldunordea, Aitzol Atutxa II.a Bizkaiko txapelduna eta Joseba Otaegi Gipuzkoako txapelduna eta azken bi edizioetan binaka txapeldun izan dena. Sei modalidade desberdinetan hamabi enbor moztu beharko dituzte.
23 urtez beherakoetan, Ander Erasun aurtiztarrak Julen Kañamares III.a (Arostegi, Nafarroa) izanen du kontrario. Bortz modalitatetan hamaika enbor ebaki beharko dituzte.
Azkenik, 18 urtez azpikoen finala jokatuko da. Eneko Otaño (Beizama, Gipuzkoa), Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa), Julen Larrea III.a (Barakaldo, Bizkaia) eta Oier Kañamares IV.a (Arostegi, Nafarroa) ariko dira. Hiru modalitatetan sei enbor moztu beharko dituzte.
Egun berean, Urrezko Harrijasotzaileen Txapelketa ere jokatuko da eta Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Jesus Mª Iruretagoiena Izeta III.a (Aia, Gipuzkoa) eta Inhar Urruzunok (Ondarroa, Bizkaia) parte hartuko dute.