Eusebio Arregi guante egilea omendu dute Oizko Laxoaren Egunean

TTIPI-TTAPA 2013ko mai. 28a, 12:57

Eusebio Arregi omendu zuten igandeko Laxoa Egunean eta familiarekin batera jaso zuen oparia. Alicia del Castillo

Laxoaren inguruko erakusketa eta txapelketako partida ere jokatu ziren igandean, eguraldi ederra aprobetxatuz

Hirugarren urtez segidan Laxoaren Eguna antolatu zuten Oizen Laxoa Elkarteak, Bertizko Partzuergo Turistikoak eta Oizko Posadak, udalak eta herriko landa etxeek, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Maiatzaren 26an, igandean, eguraldi ederra izan zuten eta Eusebio Arregi, Doneztebeko zapataria eta guante egilea omentzeko aprobetxatu zuten.

Hirugarren urtez segidan Laxoaren Eguna antolatu zuten Oizen Laxoa Elkarteak, Bertizko Partzuergo Turistikoak eta Oizko Posadak, udalak eta herriko landa etxeek, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Maiatzaren 26an, igandean, eguraldi ederra izan zuten eta Eusebio Arregi, Doneztebeko zapataria eta guante egilea omentzeko aprobetxatu zuten.

Izan ere, laxoan aritzeko nahitaezkoa da guantea eta tresna hori edukitzeko, nahitaezkoak dira guantegileak izatea ere. Eta gaur gaurkoz, guante egile gutti gelditzen dira. Eusegio Arregi, Doneztebeko zapatagilea da horietako bat. 84 urte ditu eta zorionez, ofizioa gazte bati, Jose Luis Arozena doneztebarrari erakutsi dio. Berari Ignacio Bertizek erakutsi zion, honek 80 urte zituenean. Orduan Arregik 17 urte bertzerik ez zituen. Geroztik, beti izan ziren guanteak Eusebio Arregik Karrika Nagusian izan zuen zapatadendan.

Eusebio Arregi eta dagoeneko hila dagoen Beintza-Labaiengo Florentino Ibarrak hornitu dituzte laxoan ari diren pilotariak azken urteetan. Horregatik, Oizek eta Doneztebe Ek jokatu behar zuten txapelketako partidaren aitzinetik omendu zuten Arregi. Argazki enmarkatu bat oparitu zioten eta gustura hartu zuen oparia Eusebiok, familiak eta Laxoa Elkarteko ordezkariek eta pilotariek inguratua.

Laxoa txapelketako partidan, Oizek 9-6 irabazi zion Doneztebe Eri, eta aspaldiko ohiturari eutsiz, eguerdian Angelusa kantatu zen, partida geldituta. Zenbait eskulangileren lana ikusteaz gain, Laxoaren inguruko erakusketa ere ikusgai izan zen. Oizko Posadak bi lagunendako bazkaria zozketatu zuen eta produktu tipikoen dastaketa ere eskaini zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!