Larunbat honetan , maiatzaren 25ean, ospatu da Malerrekako Eguna Eratsunen eta eguraldi euritsua izan arren nahiko jende bildu zen. Ikusi argazkiak
Goizeko 10etan hasi zen festa, bertako bi pelotari haundiei omenaldia eginez, Retegi l eta Retegi ll-ri. Antolatzaileak, Malerrekako Eguneko zapela eta lepoko zapia eman zioten oroigarri Juan Ignacio eta Julian Retegi osaba-iloba handiei. Bien artean, buruz buruzko 17 txapel dituzte.
Pilotak leku berezia izan zuen Eratsungo ospakizunean, erakusketa ederra baitzen ikusgai. Bertan, Eratsunen pilotari profesional izan direnen kamixetak, txapelak eta kopak, argazkiak, periodiko errekorteak eta bertze hainbat oroigarri ikus zitezkeen. Eskulangileek ere beraien lanak erakutsi zituzten egun osoan.
Ondoren Doneztebeko Mendi abesbatza eta Sunbilla, Ituren eta Doneztebeko dantzariak aritu ziren. Aizkora apustua ere izan zen bazkal aurrean Beintza-Labaiengo aizkolarien artean eta Dolareko anaiak nagusitu ziren. Herri bazkarian, zubietarrek prestatutako paella jan zuten 120 bat lagunek. Arratsaldez berriz umeen jokoak eta esku pilota izan ziren frontoian. Mus txapelketako partidak ere jokatu ziren. Herriz herri txapeldun izandakoak bildu ziren Eratsunen. 16 bikote hasi ziren lehian eta horien artean bi ailegatu ziren finalera, Saldiaskoa eta Sunbillakoa. Azkenean saldiastarrak txapeldun. Muxikoak ere dantzatu ziren arratsaldean.
Arratsaldean, heldu den urterako bestaren lekukoa hartu zuen Doneztebek. Eratsungo alkateak, Patxiku Retegik eman zion Doneztebeko Ana Etxeberria zinegotziari. Zubieta eta Iturengo joaldunek ere hedatu zituzten beraien joare doinuak Eratsunen.
Afal aurretik eta ondoren dantzaldia izan ziren. Afarian ere bertze 120 bat lagun bildu ziren, festarekin segitzeko prest eta heldu den urterako Donezteben paratu zuten hitzordua.