Maiatzaren 30eko grebaren atarian, hainbat mobilizazio egiten ari dira

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 27a

Gaur eguerdian kontzentrazioa eginen da Doneztebeko Enplegu Bulegoaren parean

Sindikatu nagusiek maiatzaren 30erako deitua duten grebarekin bat egiteko eskatu diote gizarteari eta ortzeguneko lanuztearen deialdia bertze ekimenen bidez egin dute. Joan den ortziral goizean, kotxe karabana egin zuten eskualdean barna eta ilunabarrean burrunba antolatu zuten Elizondon UPNren egoitza parean (ikusi bideoa). Horrez gain, gaur 12:00etan kontzentrazioa eginen da Donezteben Enplegu Bulegoaren parean.

Maiatzaren 30ean greba orokorreko deialdiarekin bat egiteko deia egin dute ELA, LAB eta EHNE sindikatutik eta dagoeneko lanuzte egunerako motorrak berotzen hasiak dira. Joan den ortziral goizean, kotxe karabana egin zuten eskualdean barna eta iluanabarrean UPNren Elizondoko egoitza parean bildu ziren hainbat lagun. (ikusi bideoa).

Bertzetik, gaur, astelehena, 12:00etan kontzentrazioa deitua dute Doneztebeko Enplegu Bulegoaren parean. Eta greba egunean, 12:30ean manifestazio sindikala eginen da Avia gasolindegitik abiatuta eta 18:00etan Lesakan eta Elizondon manifestazio herritar sozialak izanen dira.

Sindikatuen arabera, grebarako arrazoiak badira. ELAren izenean Jose Mari Arribillagak eta LABen izenean Koldo Saenzek eman zuten deialdiaren berri maiatzaren 14an, eta azpimarratu nahi izan zuten «ez dela greba laborala, soziala baizik. Krisi sozio-ekonomiko larri baten aurrean gaudelako eta horrek denei eragiten digu. Azkeneko Lan eta Negoziazio kolektiboaren erreformek negoziazio kolektiboa blokeatu eta lan baldintzen haustura totala suposatu dute». Eskualdeko bi sindikatu nagusien ustez, «krisia hasi zenetik gobernu ezberdinek inposatzen dizkiguten politikek emaitza bakarra izan dute: krisian oraindik eta gehiago sakon­tzea. Bizi dugun egoera ez da krisi ekonomikoaren ondorioa, honen aitzakipean martxan ja­rri dituzten politiken ondorioa baizik. Politika hauen helburua herritarrak pobretzea eta eskubideak kentzea da, betikoek aberasten ja­rraitzen dutela berma­tzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun