Eusebio Arregi omenduko dute igandean Oizen eginen den Laxoa Egunean

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 24a

Laxoaren inguruko hainbat xehetasun ikusi eta ikasteko aukera izanen da igandean Oizen.

Egun osoan hainbat ekitaldi izanen dira

Laxoa Eguna antolatu duten hirugarren aldia izanen da aurtengoa. 11:00etatik aitzinera, herriko artisauak, laxoa partida, angelusa, zonaldeko produktuen dastaketa, haurrentzako laxoa tailerra, guante egileen erakusketak eta musika izanen dira.

Aurten hirugarren aldiz, Laxoa Eguna eginen da igandean Oizen, Oizko Udala, Oizko posada eta landa-etxeen eta Bertizko Turismo Partzuergoaren ekimenez. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta tartean omendu bat ere izanen da, Eusebio Arregi guante-egilea, Doneztebeko zapateroa bezala ezaguna.

11:00etan guante egileari omenaldia eginen zaio eta ordu horretan zabalduko da herriko artisauen erakusketa. 11:30ean Baztan-BIdasoaldeko Laxoa Txapelketako partida jokatuko dute Oiz eta Doneztebe E taldeek. 12:00etan, garai batean bezala, jokoa gelditu eta angelusa abestuko da. Gisa berean, jokoaren arauen inguruko azalpenak emanen dituzte.

13:00etan zonaldeko produktuen dastaketa eginen da eta haurrentzako laxoa tailerra ere bai. Guante egileen erakusketa ere izanen da hori guztia musikaz alaiturik eginen da. Akitzeko, Oizko Posadan bi lagunentzako bazkaria ere zozketatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun