Nafarroako Gobernuari 2013an, Toki Erakundeetarako eta hain zuzen, Babestutako Gizarte Lan proiektuak garatzeko oinarriak ezartzen dituen dirulaguntzen deialdiaren Foru Agindua aldatzeko eskatu diote Ultzama, Malerreka, Alsasua, Irurtzun, Etxarri Aranatz, Leitza, Bortziri eta Baztango Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek, Nafarroako mendialdeko herri ttikiak guztiz kaltetuak aterako direlako. Horretarako, helegitea aurkeztu dute diote dirulaguntza arautzen duen Foru Aginduari.
Gizarte Mankomunitateetako ordezkariek diotenez, «orain arteko proiektuetan ez bezala, esleipen irizpideak aldatu egin dituzte eta zonalde bakoitzeko behar zehatzei erantzuteko aukera izan beharrean, biztanlego kopuruari lehentasuna eman zaio eta ondorioz herri ttikiak kaltetan aterako dira». Mankomunitateen kexak, bereziki azpimarratu nahi du, Mankomunitate bakoitzari jartzen zaion muga, dekretu honek, mila biztanleko gehienez 3 hilabeteko kontratazio egiteko aukera besterik ez baitu onartzen. Horrek erran nahi du, hiriburu eta herri haundiak askoz aukera gehiago dutela kontratazioak egiteko eta aldiz, herri txikien aukera guztiz baldintzatua gelditzen dela.
Irizpide aldaketa hauek oraindik gehiago larriagotzen du azkeneko hiru urtetan jasandako murrizketen ondorio eta babestutako gizarte lanaren egoera prekarioa. Guztira %70ko murrizketa jasan du (2010ean 7.170 euroko dirulaguntza izan zuten proiektuak, eta 2013an 2.194 eurokoa besterik ez da izan) eta honek kolokan utzi du gizarteratze beharrei erantzuteko aukera.
Enplegu baliabidea izateaz gain, bertan akonpainamendu sozialaren eta formakuntzaren garrantzia azpimarratu nahi dute Gizarte Mankomunitateek. Azken urte hauetan Nafarroa guztira zabaldu da eta urte askotako ibilbidea duela ezin da ahaztu. Gainera hainbat eskualdetan gizarteratze prozesuari erantzuteko baliabide bakarra da. Horrexegatik, deialdia luzatu nahi dute babestutako gizarte lana defendatu nahi duen guztiari, maiatzaren 27an, astelehena, goizeko 10:00etan Iruñeko Gonzalez Tablas kalean, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika Saileko bulegoen aurrean izanen den mobilizazioan parte hartzera gonbidatuz.