Martxoaren 18ko udal batzarrean utzi zuten kargua Patxi Otxandorena Beintza-Labaiengo alkateak eta zinegotzi guztiek. Horiek jardunean ari dira orain, 2011ko udal hauteskundeetan ez baitzen hautagairik aurkeztu, ezta urte horretako irailean deitutako udal hauteskunde partzialetan ere. Hala, Nafarroako Gobernuak herriko Kudeaketa Batzordea osatuko dutenak izendatzeko deialdi publikoa egin du. Deialdia joan den ortziralean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta biharamunetik hasita, 20 egun balioduneko epean aurkeztuko beharko dute interesatuek beraien burua, ekainaren 14rako, beraz.
Interesatuek adinez nagusi izan beharko dute, eta Beintza-Labaienen ongi errotuak daudenak. Hautagai izateko zigorrik edo bertzelako arrazoirik ere ez da onartuko. Baldintza horiek betez gero, batzordekide kudeatzaile izateko borondatea agertzen duen sinatutako idazkia eta Nortasun Agiri Nazionalaren kopia aurkeztu beharko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Beintza-Labaiengo udaletxeko idazkaritzan edo Herri Administrazioen Arabide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako lekuetan.
Nafarroako Gobernuak izendapenak egin ondotik, Kudeaketa Batzordea bilkura berezi batean eratuko da. Hori Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Adinistrazioko kontseilariak deituko du izedapenaren erabakia hartzen denetik hiru eguneko epean. Bilkura horretan batzordekide kudeatzaileek beren karguak hartuko dituzte eta horien artean boto gehien lortu duena batzordeburu izendatuko dute eta bere gain hartuko ditu alkatearen eskumenak eta ahalmenak.