Eguraldiak laguntzen badu, Irunera doan Belateko zatia aste honen bukaeran irekiko dutela adierazi du Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 21a

Azken hilabetean hainbat lur-jaizi izan dira toki berean.

Larunbat gauean bertze luizi bat gertatu zen eta kamioi bat harrapatuta gelditu zen

Tunelen parean bertze luizi bat gertatu zen joan den larunbat arratsean eta hortaz, erabiltzaileek berriz ere Belateko mendateko errepide zaharra (NA-1210) erabili beharko dute. Hala ere, eguraldiak laguntzen badu, aste hondarrerako bidearen zati bat ireki ahal izanen dutela erran du Nafarroako Gobernuak, Irunera doan erreia, hain zuzen.

Iruñea eta Irun lotzen dituen N-121-A errepidea berriz ere itxita dago, Belate parean. Tunelen parean bertze luizi bat gertatu zen joan den larunbat arratsean eta hortaz, erabiltzaileek berriz ere Belateko mendateko errepide zaharra (NA-1210) erabili beharko dute. Larunbateko lur mugimenduarekin kamioi bat harrapatuta gelditu zen, baina ez zen inor zauritu.

Ez da azken hilabetean gertatutako luizi bakarra. Joan den apirilarenn 14an eta 29an luiziak izan ziren, eta azken erortzaren ondotik, errepidea itxi egin behar izan zuten. Maiatzaren 8an zabaldu zuten Irunerako erreia, baina larunbatean lurra erori ondotik, itxita dago bi noranzkoetan.

Orain, berriz, eguraldiak laguntzen badu, aste hondarrerako bidearen zati bat ireki ahal izanen dutela adierazi du Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuak. Irunera doan erreia irekitzea da asmoa. Hala jakinarazi zuen atzo.

Sustapen Departamentuak lur-jausieei behin betiko irtenbidea eman nahi die, eta horren inguruan ikerketa egin duela azaldu zuen atzo. Eginen diren lanen bitartez, hegalean hormigoizko piloteen pantaila bat jarriko dela iragarri du, trabaketa-habe batekin, eta behealdean eusteko harri-lubeta eginen du material pikortatuarekin beteta. Lan hauek Belateko mendatetik doan errepidea bebestuko omen dute, eta gisa honetara, N-121A aldera lurra erortzea saihestuko dela eta ezponda egonkortuko dela ere gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun