Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketan gizasemeen 300 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen maiatzaren 19an Iruñean. Amaiur Ak irabazi egin zituen tiraldi guziak, 6 puntu eskuratuz.
Berriozar izan zen bigarren (5 puntu), Amaiur B eta Basaburua-Imotzek berdindu egin zuten hirugarren postuan (3,5 puntu), Kaskalluetak 2 puntu eskuratu zituen eta Txantreak puntu bakarra. Heldu den larunbatean azken jardunaldia jokatuko da Berriozarren eta bi jardunaldietako puntuen batura egin ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finala jokatuko da.
Gogoratu behar da 320 kiloko kategorian ere lehen jardunaldia irabazi zuela Amaiurrek, baina gero ezin izan zion finala irabazi Berriozarri. Ea bada, oraingoan ez den kontu bera errepikatzen eta Amaiurren txapela jantzen ahal duen.
Iruñeko saioan, emakumezkoetan, Sakana izan zen lehenbizikoa (4 puntu), Basaburua-Imotz bigarren (3 puntu), Berriozar hirugarren (2 puntu) eta Txantrea laugarren (puntu 1). Sailkapen orokorrean ere Sakana da lehenbizikoa (10,5 puntu), Basaburua-Imotz bigarren (8,5 puntu), Berriozar hirugarren (8 puntu) eta Txantrea laugarren (3 puntu).
Kadetetan, Berriozar A izan zen onena, Andra Mari, Berriozar B, Ultzama eta Beriainen aitzinetik.
Aipatu bezala, txapelketako azken saioa larunbatean jokatuko da Berriozarren, 18:00etatik aitzinera. Eguzki plazan jokatuko da jardunaldia, eta euria eginen balu pilotalekuan. Jardunaldiaren ondotik, kategoria bakoitzeko bi lehenbizikoek finalak jokatuko dituzte.