Eguraldiak lagundu ez zuen arren, milaka izan ziren maiatzaren 18an "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" lemapean Herrira mugimenduak deitutako 238 mobilizazioetan parte hartu duten pertsonak. Bortzirietan, Arantzan 45 lagun, Beran 65, Etxalarren 100, Igantzin 40 eta Lesakan 75 bildu dira, Malerrekan 15, Baztanen 300, Leitzan 100 eta Azkaine-Senpere-Saran 60.
Elkarretaratze horietan, «giza eskubideen errespetuari inork prezio politikorik jar ez diezaion eskatzeko, eta beste behin ere jendartearen gehiengoaren nahia islatzen duten aldarriak zabaltzeko: sakabanaketaren amaiera, 197/2006 doktrinaren derogazioa eta gaixotasun larriak dituzten 15 preso politikoen askatasuna» aldarrikatu dute.
Elkarretaratzeak, argazki erraldoiak, kantu birak, manifestazioak, mosaikoak, mendi irteerak, herri bazkariak, ekitaldiak, kontzertuak... denetarik izan da herriz herri euskal presoen eskubideen alde eta aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien kontra.
Ekimen gehienak Euskal Herrian izan badira ere, iniziatiba Belgika, Katalunia, Frantzia, Argentina, Uruguay, Bulgaria, AEB, Irlanda edo Txilera zabaldu da baita.