Ittur-ondo elkarteko bazkideek bere eguna ospatu zuten maiatzaren 4an. Eguraldiak poliki lagundu zuen eta egun ederra izan zuten hainbat ekitaldiez gozatu ahal izateko.
Eguerdi aldean, taldetxo bat elkartu zen kantu zaharrak abesteko karrikan barrena, Malerreka Kantuz ekimenaren baitan. Gustora eta giro ederrean aritu ziren betiko kantuetan.
Ondoren, bazkal aurretik, ohitura eta tradizioa den bezala, herritarren arteko aizkora lehia jokatu zen: Jose Luis Telletxea eta Xabier Mindegia, Jesus eta Miguel Anjel Etxeberria anaiak, eta hirugarren bikotea Jazinto Etxekolanea eta Pello Telletxea.
Bazkaltzeko, bazkideek menu berezia izan zuten, besteak beste, bakailua eta txuleta. Arratsaldean mus txapelketa jokatu zen. Patxi Otxandorena eta Jose Albistur suertatu ziren irabazle.