Malerrekako Mankomunitatean dauden hamahiru udalerrietako herritarrak Eratsunen bilduko dira aurten, bigarren aldiz eginen den Malerrekako Egunaren baitan. Joan den urtean Zubietan izandako arrakasta errepikatzeko asmoz, egun osoko besta antolatu dute maiatzaren 25erako.
Goizean, 10:00etan, harrera ekitaldia eginen da eta herrietako ordezkariek egunari hasiera emanen diote. Ondotik aurreskua dantzatuko dute eta gosaria eskainiko zaie herrietako ordezkariei. 10:30etik 12:00etara musikariak herrian barna ibiliko dira: trikitilariak, Doneztebeko abesbatza eta musika eskolako kideak... Horrez gain, dantzariek herriko plazan saioa eskainiko dute.
Aldi berean, 11:00etatik 14:00etara, artisauak plazan egonen dira eta pilotaren inguruko erakusketa ere ikusgai izanen da. Opila dastatu nahi duenak horretarako aukera izanen du eta buruhaundiekin harat eta honat ibiltzeko modua ere izanen dute neska-mutikoek. 12:30ean aizkora apustua jokatuko da eta 14:00etan paella jatea eginen da.
Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 17:00etara muxikoak izanen dira eta ordu berean hasi eta 18:00 arte ume eta gazteendako tailerrak eta jokoak izanen dira. Malerrekako Mus Txapelketaren finala ere orduan jokatuko da. 18:00etan bertsopilota izanen da, esku-pilota eta paxakan oinarritua eta 19:00etan txokolatada eskainiko da.
19:30ean zozketa egin eta mus txapelketako sariak banatuko dira eta hurrengo urteko Malerrekako Eguna antolatzeko lekukoa ere orduan pasatuko dute Eratsungo ordezkariek. 20:30ean musika izanen da plazan, 21:00etan joaldunak aterako dira eta 21:20ean afaria eskainiko da. 00:00etatik aitzinera musika izanen da plazan.
BERRIKUNTZAK
Herri afarirako txartelak Malerrekako Mankomunitatean eskura daitezke, edo 948 451746ra deituta. Horrez gain, mendi ibilaldia eginen da Iturendik Eratsunera, 09:00etan Iturengo plazatik abiatuta. Berrikuntza gisa, egun guztian autobus zerbitzua antolatu dute Malerrekako herri guztiak Eratsunekin lotuz.