Ez dira garai hoberenak euskarazko tokiko hedabideentzat, baina larre motzean ibiltzen ohituta daude. Sakabanatuta eta bakarkako lanean segi ordez, elkarlanean topatu dute egoera aldatzeko giltza. Horretarako sortu zen duela urtebete inguru Tokikom, Euskarazko Toki Komunikabideen Elkartea. Hogei ziren hasieran eta hogeita hamar hedabide biltzen ditu dagoeneko, Ttipi-Ttapa barne. Gizartean beren lekua aldarrikatzen dute; oztopoen gainetik, euskaraz eta hurbileko informazioa eskainiz segi nahi dutelako.
Zer da Tokikom?
Euskal Herriko toki komunikabideak bateratzeko helburua duen proiektua da. Zerbitzu komunak elkarrekin kudeatzea da asmoetako bat eta sektoreari eta erakundeei begirako lankidetza bateratu bat egitea. Tokikomek duen beste funtzio garrantzitsua, tokiko hedabideek emango ditugun etorkizuneko urratsetan eragile indartsu eta aktiboa izatea da. Osagai guztiak integratzea da helburua, bakarka bidea egiteak baino indar gehiago baitu elkarrekin egindako bideak.
Zein da tokiko hedabideen egoera?
Toki komunikabideek hiru finantziazio iturri izan ditugu historikoki: harpidedunak, merkatua eta instituzioetatik lortutako diru laguntzak. Gaur egun hirurak daude krisian. Merkatua apaldu egin da, irakurleek ere nahikoa lan dute eta Nafarroan diru-laguntzen murrizketa erabatekoa izan da. Egoeraren aurrean ordea, erreakzionatu egin dugu. Lankidetzarako bidea zabaldu digu krisiak eta horixe da egoera gainditzeko modurik eraginkorrena. Arriskuaz ahaztu gabe, aukera haundi baten aurrean gaudela pentsatu behar dugu. Elkarlanaren indarraz gain, kontuan izan behar da beste hedabide asko iristen ez diren tokietara iristen garela. Gainera, tokiko informazioa eta euskaraz sortzeak, guk zabaltzen dugun mezuari balio erantsia ematen dio.
Teknologia berriek zein paper dute?
Garapen teknologikoak aukerak ematen dizkigu ttikiak izan eta baliabidez ahul gauden komunikabideoi.Teknologiak ahalbidetu du, behetik gora garatutako proiektuak egon ahal izatea. 90.hamarkadan toki komunikazioa euskara hutsean garatzea lortu zenean, euskarak urrezko domina bat irabazi zuen. Neurri handi batean teknologiak ematen zizkigun aukera guztiak erabiltzeko modua bilatu zelako izan zen. Oraingo erronkan ere funtsezkoa izango da. Herritarren parte hartzea bultzatzeko bitarteko nagusiak izango dira; irakurlea, irakurle pasiboa izan beharrean, berri emailea izateko tresnak. Irakurleek emandako informazio hori hedabideek beraien jardunean integratzea izango da hurrengo pausoa. Asko sinisten dut teknologian, helburu sozialetarako erabiltzen direnean.
Nola iritsi hartzaileengana?
Kontsumitzeko ohiturak aldatzen ari dira eta guk ere eraldatu egin behar dugu. Etorkizunera begira, gazteek informazioa zein euskarri eta bideetatik hartzen duten ikusi behar dugu. Baina ezin dugu ahaztu gure irakurle asko ez direla gazte gazteak. Bakoitzaren premiak asetzeko modua aurkitu behar dugu, bi ereduentzat ari garelako lanean eta biak beharrezkoak ditugulako. Horixe da Tokiko hedabideen ezaugarrietako bat, irakurle esparru zabal batera iristeko gaitasuna.
Zein da etorkizuneko erronka nagusia?
Hartzaileengana hurbiltzeko eman beharreko pauso horiekin asmatzea. Teknologiak ematen dituen aukerak baliatu behar ditugu eta integrazioa bilatu. Hedabideek gizartean betetzen dugun papera zein den erakustea beharrezkoa da eta hartzaileen babesa garrantzitsua dela ikustaraztea. Nik animo eta esperantza puntu bat zabaldu nahiko nuke. Euskarak ematen digu indarra elkarlanean aritu eta aurrera egiteko, euskarazko tokiko hedabide bakoitzarekin euskarak irabazten baitu. Elkarlanean, egoera iraultzeko gai izango gara.
EGOERA
«Merkatua apaldu egin da, irakurleek ere nahikoa lan dute eta Nafarroako kasuan, laguntzen murrizketa erabatekoa izan da. Egoeraren aurrean ordea, erreakzionatu egin dugu. Lankidetzarako bidea zabaldu digu krisiak eta horixe da egoera gainditzeko modurik eraginkorrena. Arriskuaz ahaztu gabe, aukera handi baten aurrean gaudela pentsatu behar dugu».