Nafarroako Gobernuak 0-3 urteko Haur Eskoletan ezarri nahi duen Dekretu berriarekin baldintzak okertuko direla salatu du bertze behin eskualdeko Haur Eskolak ere biltzen dituen 0-3 Hezkuntza Zikloko Plataformak. 2013-2014 ikasturtean Haur Eskoletan Dekretu berria ezarri nahi du indarrean Gobernuak, oraingo baldintzak aldatuko lituzkeena, bertzeak bertze, hezitzaile bakoitzari dagokion haur kopurua igoz. «Baldintza negargarri horiek haurren segurtasuna arriskupean jartzen dutela» salatu du Plataformak, «baita ardura, zaintza eta adin hauen eskubidea den heziketaren beharraren kalitatea ere». Plataformak «kalitateko baldintzen kontrako erasoa» dela adierazi du, eta hortaz, «haurren, profesionalen eta familien ongizatearen kontrako erasoa» dela erran du. Datu gisa, azken lau urteotan, Haur Eskoletako tasak %200 igo dizkietela jakinarazi du.
Gisa berean, Hezkuntza Sailak «Dekretu horren hainbat trataera, aplikazio eta derrigortasun baldintza ezarri dituela» adierazi dute Plataformatik, «herrien udal eta koloreen arteko bidegabeko egoerak sortuz». Tokian tokiko administrazoiei ordainketak atzerapenez egiten ari zaizkiela ere salatu dute, horrela Nafarroako Haur Eskola batzuen funtzionamendua «ito» egiten dutela leporatuz, «familiak eta haurrak arreta hori gabe utziz».
Egoeraren aitzinean, «mobilizazio orokor sendo» baterako deialdia egin du Nafarroako 0-3 Hezkuntza Zikloko Plataformak. Hala, maiatzaren 22an, 17:00etan kontzentrazioa eginen dute Nafarroako Parlamentu aitzinean, Plataformako kide batzuk Parlamentuko Hezkuntza Batzordean parte hartuko dutela aprobetxatuz. Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Dirulaguntzak
Nafarroako Gobernuak 3,9 milioi euro erabiliko du 0-3 urteko 49 udal-eskola finantzatzen laguntzeko 2012-2013 ikasturtean eta eskualdeari dagokionez, Baztanek 115.548,72 euro hartuko ditu eta Doneztebek 45.294,82 euro.