Giza eskubideak, irtenbidea eta bakea aldarrikatzeko euskal presoen alde plazara ateratzeko deia egin du Herrira mugimenduak larunbat honetarako eta hainbat mobilizazio eta ekitaldi eginen dira Euskal Herrian barna. Gure eskualdeko herriek ere bat egin dute ekimen horrekin. Oraingoz, herri hauek iragarri dute zein egitarau izanen duten:
Lesakan, 12:00etan egin dute hitzordua. Ordu horretan animazioa eta pintxoak izanen dira eta 13:00etan argazkia aterako dute.
Beran, 11:30ean elkarretaratzea egin eta argazkia aterako dute. Pintxoak ere izanen dira eta dena Altzateko plazan.
Arantzan, 18:30ean elkarretaratzea eginen dute plazan, 19:00etan argazki mosaikoa aterako dute eta ondotik, trikipoteoa eginen dute. 21:00etan bertso afaria eginen da Amets Arzallus, Xabier Silveira eta Fredi Paia bertsolariekin. Txartelak Pabloenea ostatuan eros daitezke maiatzaren 16a baino lehen, 20 eurotan.
Etxalarren, 13:00etan elkarretaratzea eginen dute, argazkia aterako dute eta pintxoak ere izanen dira.
Igantzin, kontzentrazioa eginen dute.
Malerrekan bi egunez izanen dira ekitaldiak. Ortziralean, hilak 17, kontzertuak izanen dira Elgorriagako ostatuan. BIharamunean, goizean mndi martxa eginen dute Donamariatik Iturenera. Ondotik, sardinada eta poteoa Iturenen.
Baztanen, 12:00etan kontzentrazioa eginen dute Elizondoko plazan.
Leitzan, 12:00etan Lip-Duba egin eta ondotik txistorrada izanen dute.
Areson, 12:00etan argazki erraldoia aterako dute eta luntxa ere izanen da.
Goizuetan, 20:00etan kalejira eginen dute.
Azkaine, Senpere eta Saran, elkarrekin ospatuko dute eguna. 09:00etan futbol txapelketa jokatuko dute Azkaingo zubian. Aperitifa ere izanen da eta bazkaria Azkaingo plazan eginen dute.