14 ahari aurkeztu ziren Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 13a

Doneztebarrak elkarteko dendarien produktuak eta eskulangileenak Matxikieta ondoko aparkalekuan izan ziren ikusgai. Juan Mari Ondikol

Lehenbiziko sariak Donamariko Zabaltenera eta Oizko Telletxenekobordara joan dira aurten ere

Doneztebeko Udaberriko feria zazpigarren aldiz ospatu zen ortziralean, maiatzaren 10ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. 14 ahari aurkeztu ziren lehiaketara.

Doneztebeko Udaberriko feria zazpigarren aldiz ospatu zen ortziralean, maiatzaren 10ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. 14 ahari aurkeztu ziren lehiaketara.

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara seigarren ahari lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten 14 buru aurkeztu ziren lehiaketara, 9 artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, 5 ahari muturbeltz eder aurkeztu ziren. Horien artean, Donamariko Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria eta baserri bereko bertze batentzat 50 euroko saria. 70 euroko bigarren saria, berriz, Beintza-Labaiengo Iñarreko Angel Elizondok aurkeztutako buruarentzat izan zen. Mutur gorrien atalean, 9 buru aurkeztu ziren. Lehenbiziko sariko 120 euroak Telletxenekobordako Lucio Telletxeak aurkeztutako ahariarentzat izan zen. Bigarren saria Iturengo Zubialdeko Isidro Bazterrikaren ahariak eskuratu zuen eta hirugarrena Donamariko Porotxeko Jose Miguel Lasagak. Ana Etxeberria eta Jose Luis Legarra Doneztebeko zinegotziek banatu zituzten sariak.

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu zen ortziral eguerdian, behi, aretxe eta astoekin. Gainera, aurten, elizako gorapean izan ordez, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu ziren eskulangileak eta lehen aldiz, Doneztebarrak elkarteko merkatariek ere beraien produktuak atera zituzten eta horrek lagundu zuen feria giroa ederragoa izan zedin. Doneztebarrak elkartekoek, beraien produktuak erakusteaz gain, 200 euroko lau erosketa-txartelen zozketa egin zuten arratsaldean eta umeendako jokuak ere izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun