Iñaki Villoria iruritarra bigarren izan da Gandiako Itzulian

TTIPI-TTAPA 2013ko maiatzaren 10a

Iñaki Villoria Gandiako Itzuliko podiumean. Utzitako argazkia

Luziano Mitxelena lesakarra onena izan zen master60 kategorian

Transbidasoa-Sinertecnic-Euromaster taldeko Iñaki Villoria iruritarrak bigarren postua lortu zuen maiatzaren 3tik 5era bitartean jokatu zen Gandiako itzulian. Luzianio Mitxelena lesakarra master60 mailan itzuliko onena izan zen.

Transbidasoa-Sinertecnic-Euromaster taldeko Iñaki Villoria iruritarrak bigarren postua lortu zuen maiatzaren 3tik 5era bitartean jokatu zen Gandiako itzulian. Luzianio Mitxelena lesakarra master60 mailan itzuliko onena izan zen.

Joan den asteburuan Gandian jokatu zen beteranoentzako itzulia, hau da 40 urtetik goitiko txirrindularientzako froga. Lau etapa ziren, lehenengo biak lauak, hirugarrena erlojupekoa eta azkena mendikoa. Espainia mailako talderik eta mailako txirrindularirik sendoenak zeuden, 120 laguneko tropela osatuz. Iñaki Villoria eta Luziano Mitxelena adi ibili ziren lehen bi egunetan eta sprintean jokatutako bi etapetan faboritoen pare ibili ziren.

Erlojupekoan erabaki zen itzulia eta Iñakik bigarren postua eskuratu zuen, soilik David Romero, Espainiako master40 mailako txapeldunak, garaitu zuen iruritarra. Luzianok bere mailan lidertza eskuratu zuen eta errenta polita pilatu zuen azken egunerako.

Azken egunean Iñaki Villoria saiatu zen lidertza eskuratzen, hala ere liderrak talde sendoa zuen eta edozein saiakera zapuzteko ez zuen arazorik izan; dena dela ere etapan hirugarren sailkatu zen Iñaki. Luzianok master60 mailan aise irabazi zuen eta ihesaldian egon zen etapako hondar kilometrorarte.

Sailkapen nagusian Iñaki Villoriak 2. postua eskuratu zuen David Romerorengandik 10 segundu eskaxera. Luziano Mitxelenak, berriz, master60 mailako garaipena lortu zuen, sailkapen orokorrean 21. postua lortuta, irabazlearengandik 2 minutu ingurura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun