Urtero garai honetan ohikoa den hitzorduari hutsik egin gabe, Doneztebeko Udalak, Cederna-Garalur eta Doneztebarrak merkatari elkarteak Udaberriko Feria antolatu dute ortziralarekin, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
10:00etan emanen zaio hasiera feriari. Ordu horretatik 14:00etara, eskualdeko artisauen erakusketa izanen da. 11:00etatik 13:30era, berriz, aurten zazpigarren aldiz, ahari lehiaketa eginen da Merkatu Plazan. Beti bezala, Malerrekako latxa arrazako ahari lehiaketa izanen da eta mutur gorriendako eta mutur beltzendako hiruna sari banatuko dira: kategoria bakoitzean, lehenbiziko sarituek 120 euro jasoko dituzte; bigarrenek 70 euro eta hirugarrenek 50 euro. Sari banaketa 13:30ean eginen da Merkatuko plazan. Horrez gain, ahari buruak aurkezten dituzten baserritarrei 30 euro emanen zaizkie parte hartzeagatik.
Aurtengoan berrikuntzak ere izanen dira. Doneztebarrak elkartearen eskutik, 10:00etatik 20:00etara elkarteko denden erakusketa eta salmenta izanen da. 17:30ean haurrentzako aktibitateak izanen dira eta 19:00etan, udaberriko kanpainaren baitan, 200 euroko baleen zozketa eginen da.