Etxalar, Donamaria eta Doneztebeko udalek herriko ostatuak errentan hartzeko deialdiak egin dituzte

Ttipi-Ttapa 2013ko maiatzaren 3a

Lehenbiziko deialdia hutsik gelditu ondotik, Etxalarko Udalak bigarren aldiz egin du

Etxalarren kasuan, lehenbiziko deialdia hutsik gelditu ondotik, Udalak bigarren aldiz deitu du Herriko ostatu eta jatetxea errentan emateko lehiaketa. Maiatzaren 15ean bukatuko da eskaintzak aurkezteko epea. Donamaria eta Doneztebeko ostatuen kasuan maiatzaren 24ra arte aurkezten ahalko dira eskaintzak.

Etxalar, Donamaria eta Doneztebeko udalek herriko ostatuak errentan hartzeko deialdiak egin dituzte. Etxalarren kasuan, lehenbiziko deialdia hutsik gelditu ondotik, Udalak bigarren aldiz deitu du Herriko ostatu eta jatetxea errentan emateko lehiaketa. Errentamenduaren iraupena bortz urterako izanen da, luzatzeko aukerarekin. Hileko errenta 365 euro gehi BEZa izanen da, eta behin-behineko fidantza gisa 600 euro ordaindu beharko dira. Lehiaketan ustiapen proiektua eta eskaintza ekonomikoa baloratuko dira eta proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 15eko 14:00etan bukatuko da. Baldintza plegua interesatuen eskura dago udaletxean eta Udalaren web orrian (www.etxalar.org).

Donamariako Udalak, 2013ko apirilaren 22an egindako osoko bilkuran erabaki zuen lehiaketa publikoaren deialdia egitea Herriko Ostatu eta jatetxe zerbitzuaren errentamendua esleitzeko. Kasu honetan, hilabeteko errenta 300 eurokoa izanen da, gehi BEZa, eta fidantza gisa 300 euro ordaindu beharko dira. Eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 24ko 14:00etan akituko da. Lehiaketan, bideragarritasun plana, eskarmentua, hobekuntzak eta diru eskaintza baloratuko dira.

Doneztebeko Udalak, bere aldetik, Santa Luzia karrikako ostatu-jatetxea errentan emateko deialdia egin du. Hasiera batean, urte baterako eskaintza izanen da, baina hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Hilabeteko errentan 620 euro gehi BEZa izanen da eta fidantza gisa 1.000 euro ordaindu beharko dira. Eskaintzak aurkezteko epea maiatzaren 24an akituko da eta lehiaketan, ustiapen proiektua eta diru eskaintza baloratuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun