Baztango udala eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak “Zure hondakinek bizitza luzea dute, birzikla itzazu” kanpaina aurkeztu dute, Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroa fundazioaren bidez (CRANA). Kanpainaren helburu nagusia herritarrak sentsibilizatzea da, hondakinen prebentzioan eta birziklapenean inplika daitezen.
Nafarroako Gobernuak, izan ere, hitzarmena egina du hondakinak kudeatzeko sistema integratuekin: Ecoembes, Ecovidrio Ambilamp, Ecoasimelec, Ecofimática, Ecolec, Ecolum, Ecoraee, Ecotic, Europako Birziklapen Plataforma eta Tragamóvil. Kanpaina, beraz, hitzarmen horren baitan dago eta CRANAren bidez garatzen da, hondakin mankomunitateek lagundurik. Hitzarmenek hondakinak gaika biltzeko sistemen garapena sustatzen dute, irizpide hauek erabilita: gizarte onarpena, eraginkortasun teknikoa, eta ingurumen nahiz ekonomia arloko bideragarritasuna. Era berean, herritarrei informazioa emateko eta jendea sentsibilizatzeko jarduerak egiten dira, gizartea kontzientziatze aldera.
Ekimen honek hainbat jarduera ditu: Donezteben, Beran eta Elizondon izan zen erakusketa ibiltari bat, eta ondoren, herriz herri ibiliko da Nafarroan barrena. Mankomunitate horietako herritarrek, gainera, informazio-triptiko bat jasoko dute, bai eta pegatina bat ere, hondakin mota bakoitza non utzi behar den gogoratzeko eta edukiontzietan utzi behar ez dena (hondakin desegokiak) oroitarazteko.
ERAKUSKETA ERAIKITZEN
Erakusketa ibiltariaren zati bat herrian bertan sortuko da, “Izenik gabeko Munstroak” deritzon ekimenaren bidez. Horrela, María José Recalde eta Juan Sukilbide artista plastikoen zuzendaritzapean, parte-hartzaileek hondakinak erabiltzen ari dira munstro bat egiteko, guk sortzen ditugun hondakinen neurria irudikatu eta honako gogoeta hau eragite aldera: hondakinak ez baditugu behar bezala kudeatzen, munstro bihur daitezke, amesgaiztoa izatera irits daitezke. Munstro guztiak ikusgai jarriko dira Iruñeko Ziudadelan eginen den bukaerako erakusketan, maiatzaren 17a inauguratuko da. Den-dena blog honetan jasoa dago: monstruossnmonstruoakig.wordpress.com.