Arkupeak Elkarteko kideek, aurten ere, ez dute aspertzeko tarterik izanen. Egingo duten lehenengo irteerak Añanara eramanen ditu. Arabako Gatz Harana ere deitzen zaio inguruari eta kultur eta historia arloan oso aberatsa da.
Mendigoizaleek ere badute non gozatua. Bost egunez, Nafarroako Pirinioetan barna ibiliko dira, Isaba aldean eta Orhi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Txamantxoia, Lakartxela eta Auñamendira igotzeko probextuko dute aukera. Inguru lasaiaz gozatu eta gune turistikoetan barna ibilaldi ttikiak egin nahi dituztentzat ere bisitak programatuko dituzte.
Dagoeneko urteroko tradizio bihurtu diren irteerak ere antolatu dituzte: Puente Viesgora, Aralarrera (Gorraizko Gaztelua jatetxea famatuan bazkalduko dute), Arantzazura eta Lezora.
Irailean, Carlomagnoren bidean barna bidaia bat egiteko asmoa dute. Bisitatuko dituzten hirien artean: Lovaina, Brusela, Bujas, Gante eta Luxenburgo daude.
Benidormera bidaiak ere ezin zuen hutsik egin. Aurten irailaren 27tik urriaren 9ra bitartean egonen dira. Bertzalde, aurten 85 urte bete edo urrezko ezteiak ospatu eta urriko omenaldian parte hartu nahi dutenek, herri bakoitzeko arduradunei jakinarazi behar deietela gogorarazi dute.
Aurten bertze bi proiektu handi ere baditu Arkupeak Elkarteak esku artean: Santiagoko bidea egitea eta Machu Picchura bidaiatzea. Hitzaldiak eta ikastaroak ere jasoko dituzte: sendabelarren ingurukoak, memoria lantzeko tailerrak, liburu elektronikoa erabiltzen ikastekoak...
Bertze albiste garrantzitsu baten berri ere ematen dute boletinean. Duela gutxi arte, podologo bat etortzen zen Malerrekako jubilatuen lokalera. Bertako elkartea deseginda, udalak hartu du bere ardura. Arkupeak Elkartearen bertze egoitza bat egokituko da, podologoak bere zerbitzua eskaintzen segi dezan.
Boletina oso osorik irakurri liteke www.arkupeak.com orrialdean, eta baita ekintza eta bidaietan ateratako argazkiak ere.