Baztan-Bidasoaldea iratzartzeko ordua dela uste du Bilduk

TTIPI-TTAPA 2013ko mai. 2a, 10:49

Xabi Torres, Deñe Abuin, Ekaitz Landa, Severiano Txoperena eta Andres Etxenike, EHBilduk Malerrekako Mankomunitatean egindako agerraldian. Artxiboko argazkia

Sare produktiboaren eta baliabide publikoen kudeaketa aldatu behar dela dio

Eskualdean ezagutu dugun ekonomia eta jendarte eredua agortu eta gainbehera etorri dela nabarmena denez, «ordua da erreakziona­tzeko, sare produktiboa eta baliabide publikoen kudeaketa aldatzeko» adierazi du Baztan-Bidasoaldeko EH Bilduk, apirilaren 16an egindako agerraldian.
 
Eskualdeko egoerari dagokienez, iniziatiba hartu beharra dagoela uste du EH Bilduk, «gure buruaren jabe egin eta heldutasunera pasatu, ez ezer, ez inor ez delako gu salbatzera etorriko. Izan ere, gauza jakina da azken 30 urtetan gure eskualdea deliberatuki baztertua eta zokoratua izan dela Nafarroa ofizialak gauzatu dituen egitasmo eta inbertsio garrantzitsu guzietatik». Egoera alda­tzeko garaia heldu dela eta hontan jardun politikoak zererran eta ardura determinantea duela uste dute, «non sakontzeko eremu bat dagoen, gure eskualdea (Baztan-Bidasoa) eta bide bat, bertako baliabideen plazaratzea».
 
Nafarroa osoan eskualdeka egiten ari den Aldaketa Euria prozesua martxan jarri du Bilduk.  Bertizarana, Malerreka, Bortziriak eta Baztanen ere ari dira lanean, eta eskualdea eta bertako baliabideen plazaratzea ardatz hartuta eraldaketa politikak abiatzeko zenbait puntu aurkeztu ditu, hala nola, eskualdeko instituzioak ikuspuntu estrategiko batetik eratu, Nafarroako Gobernuak eskualdeari egiten dion asignazioa goratu, ehun produktibo eta komer­tziala berregiteko pausuak eman, Lanbide Heziketako eskaintza formatiboa be­rraztertu, Nafarroako Gobernuaren borondate aktiboa, eskualdeko aukera industrialak aztertu eta garatzeko, Hez­kun­tza sistemaren doikuntza, Osasun zerbi­tzuen Iruñearekiko de­penden­tzia murriztu eta eskaintza osatu, etxe­bizitza politika arrazionala garatu edo euskara politikak eral­datu, bertzeak bertze.
Datozen asteetan, eragile eta pertsona desberdinekin kontaktatuko du EH Bilduk eremu hauetan sakontzeko. «Zugana joko dugu, eskualdeko herritar gisa dituzun iritzi eta jakin­tzen bila, egoera oke­rragoei aintzinatzeko ordua baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun