Lehen sektoretik bizi ahal izateko askok egin dute salmenta zuzenaren aldeko apustua. Era berean, geroz eta gehiago dira, jaten dutenaz kezkatuta, zuzenean ekoizleari erosteko hautua egiten dutenak. Ondorioz, gastuak eta irabaziak parekatzen dituzte ekoizleek. Erosleari berriz, sasoiko produktua eta hurbilekoa jartzen zaio eskura. Bien mesedetan da, ekoizle eta erosleak soka berarekin lotu eta tratua egiten baitute.
Eneritz IRAOLA
Ekoizleen eskuetatik zuzenean bezeroen eskuetara. Tartean ez dago ordainsaria garesti kobratzen duen zubi lanik. Bitartekariak desagertuta, ekoizleentzat dira lortutako etekin guztiak. Ohiko laborantzari alternatiba eskaintzeko bidea da. Baina ez hori bakarrik, kontsumo elkarteen eskariari erantzuna ere bada. Geroz eta gehiago baitira, konfidantzazko produktu baten bila ekoizleen etxeetara ate joka gerturatzen direnak.
Kontsumo eta ekoipen eredu berrien bila dabiltza eta aldaketa haizeak ere jo du eskualdean. Horren adierazle dira, berriki sortu diren kontsumo taldeak. Beren ikuspuntua biltzeko, Juanjo Elizalde Goizuetako arrautz ekologikoen ekoizlearekin, Andoni Zulaika Bidaziko kidearekin eta Felix Lagos Barraskiloak elkarteko kidearekin aritu gara solasean.
PRODUKTUAK
Esnea, okela, barazkiak, arrautzak... zuzeneko salmenta bidez eskuratu litezkeen produktuen zerrenda geroz eta luzeagoa da gurean. Ekoizten duten hori, «prezio duin batean» saltzeko modua delako hartzen dute erabakia gehienek eta kontsumo taldeak indartzearekin batera, «merkatua ere zabalduko dela» espero du Juanjo Elizaldek.
KALEA ETA BASERRIA LOTUZ
Kontsumo taldeak, dena den, ez dira saldu-erosi operaziora mugatzen. Kalea eta baserria lotzeko bidea ere izan litezke. Andoni Zulaikak azaldu digunez «Bidasoko kontsumitzaileak Bortzirietara erakartzea ere bada asmoa, landa eremua hemen dagoenez, handiak ttikiengana gerturatzea nahiko genuke». Gainera, produktuen ebaluaketa bat egiteko aukera eskaintzen zaio erosleari eta hurbiletik ikus dezakete ekoizleek nola lan egiten duten.
EROSLEAK
Adin guztietako bezeroak dituela aipatzen du Juanjo Elizaldek, helburua ere guztiena ez dela berdina dio «batzuk mentalitate ekologikoa dutenak dira, eta besteak berriz, ohiko baserriko produktua bultzatu eta herriko ekonomia eta herrietako bizia mantendu nahi dutenak dira». Bi helburu horiek bat egiten dute kontsumitzaile elkarteetan «naturaren, elikadura osasuntsuaren eta bertako ekoizleen aldeko apustua» egiten baitute Felix Lagosen erranetan. Talde irekiak direla azpimarratzen dute eta edonork parte hartu dezakeela bertan. Interesa dutenek taldeko kideren batekin harremanetan jartzea nahikoa dute.
Etorkizunaren bila, ekoizle eta erosleak eskutik doaz, eredu berri bat landuz. Elikadura ekologikoaren aldeko keinua eginez, bertako ekoizleen aldeko aurrerapausoa emanez.
JUANJO ELIZALDE, GOIZUETAKO MAINGENEA BASERRIKO EKOIZLEA
«Kontsumo kulturan gertatzen ari den aldaketa baserritarrontzat aterabidea izan liteke»
Duela hiru hilabete hasi zen Maingenea baserriko Juanjo Elizalde arrautza ekologikoak saltzen. «Baserria dibertsifikatu nahian» hartu zuen erabakia. Ordura arte, ekoizpen ekologikoan betizuekin lan egiten zuen eta aspalditik zuen buruan ideia. «Instalazioak moldatu, oiloak erosi eta hilabeteren buruan hasi ziren arrautzak ekoizten».
Bezeroak lortzea izan zen hurrengo pausoa. «Kontsumitzaile elkarteetara jo eta produktua eskaintzen» dietela azaldu digu. Horretaz gain, herrian bertan ere badituzte erosleak eta etxera eramaten diete eskatutakoa. Bezero bakoitzak bere ohiturak dituela dio «batzuk astero kopuru zehatz bat bidaltzeko eskatzen digute, aurretik hitzartua duguna eta beste batzuk behar dutenean deitzen didate».
Zuzeneko salmentaren gakoa «hurbiltasuna eta konfidantza» direla aipatzen du «ez dugu soilik kalitatezko produktu bat eskaintzen, jendearen harteko harremanetan sinisten dugu. Horregatik, nahi duena bisitan etor liteke nola lan egiten dugun ikustera».
Oraingoz 420 oilok erruten dituzten arrautzak saltzen ditu. Etorkizunean, betizuen okela ere jarri nahiko luke salgai «ekoiztutako guztia zuzenean salduz».
FELIX LAGOS, BARRASKILOA KONTSUMO TALDEKO KIDEA
«Bertako ekoizpen ekologikoa bultzatu nahiko genuke, badago eskaria beraz, badago merkatua»
Azaroan aurkeztu zuten Barraskiloa kontsumo taldea, nahiz eta urte bete lehenago lanean hasiak zeuden. Felix Lagos, elkarteko kideak azaldu digunez, behar batzuei erantzuna emateko bildu ziren «naturarekiko errespetuz ekoiztutako produktuak eskuratu nahi ditugu, ahalik Bide batez, eskaria badagoela erakutsi nahi diete bertako ekoizleei, horrela «bailaran lurra lantzen hasi nahi dutenek, ekologikoan lan egitea planteatu dezaten, ikus dezatela badagoela eskaria, beraz badagoela merkatua».
Egun 30 bazkide inguru dira kontsumo elkartean eta pixkanaka zabaltzen doaz. Oronoz-Mugairin dute biltegia, bertan biltzen dituzte ekoizleei zuzenean erosten dizkieten produktuak. Merkatu berezi honen funtzionamendua azaldu digu Lagosek «asteazken arratsaldean hiru orduz egoten da zabalik biltegia eta larunbat goizetan bi ordu eta erdiz. Elkarteko kideak aste guztirako behar duena hartuko luke eta gero hartu duenaren zati proportzionala ordaindu. Horretaz gain, urtean kuota finko bat ordaintzen da». Produktu freskoen kasuan, berriz, aste bete lehenago eskatu behar dira.
Lagosen hitzetan elikagai truketik haratago doa ekoizle eta eroslearen arteko harremana «edozein momentutan joan gaitezke nola lan egiten duen ikustera ere, produktuen inguruko gure iritzia ematen diogu, hurbilekoa izatearen onurak».
ANDONI ZULAIKA, BIDAZI TRANSFORMAZIO GUNEKO KIDEA
«Ekoizleen izen eta abizenak ezagutzen ditugu, hurbilekoak dira, horrek kalitatezko produktu bat kontsumitzea ziurtatzen du»
Zer da Bidazi?
Irabazi asmorik gabeko elkartea gara. Helburu nagusia, tratamendu kimikorik gabeko produktuekiko kontzientzia, ekoizpena eta erabilera sustatzea da. Kontsumitzailea eta ekoizlearen arteko harremanak ere kontuan hartuz eginen litzateke pausoa. Kontsumo taldea izateaz gain, gune dinamikoa izatea ere nahi dugu. Ekologiarekin zerikusia duten gai guztiak lantzeko espazioa.
Nola sortu zen proiektua?
Duela zortzi bat urte 18 bat familia elkartu ginen janari ekologikoak prezio duin bat ordainduz, bitartekaririk gabe erosteko asmotan. Orain ekimena zabaltzeko garaia dela uste dugu. Gure osasunaz arduratzen gara eta guk erabaki nahi dugu zer jaten dugun. Bertako ekoizleen produktuak iruditzen zaizkigu horretarako aukera hoberena. Ekoizleen izen eta abizenak ezagutzen ditugu, hurbilekoak dira, horrek kalitatezko produktu bat kontsumitzea ziurtatzen du.
Etorkizunean zer?
Orain proiektua hainbat herritan aurkezten ari gara. Behin taldea finkatzen dugunean, elkarrekin hartuko ditugu etorkizuneko erabakiak. Oinarria argi da, guk kalitatezko produktu ekologikoak kontsumitzea eta, bide batez, ekoizleek bere produktuengatik irabazi duinak lortzea. Harreman honekin, bi alderdiak irteten gara garaile.