«Batze lanean indarra egin behar dugu, NIK baino indar gehiago baitu GUK»

Eneritz IRAOLA 2013ko mai. 2a, 10:21

Oskar Zapata, Euskaltzaleen Topagunean, Nafarroako arduraduna. TTIPI-TTAPA

Euskaldunen bilgune izateko helburuarekin sortu zen 90.hamarkadan Topagunea. Euskara nonahi eta noiznahi erabili nahi zuten horien bidelagun izateko asmoz. Egun, Euskal Herri osoko 20.000 bazkide biltzen dira bere baitan, ehun euskara elkarte inguru eta tokian tokiko hedabideak. Harri koxkor aunitz gainditu dituzte denbora tarte honetan eta orain ere, bidean oztopoak ageri dira. Hala ere, elkar hartuta indar egin eta aurrera jarraitzeko ilusioa dute, euskarari gune berriak ematen segitzeko.

E. IRAOLA

Zer da topagunea?

Behetik gorantz sortu den gizarte mugimendu bat da. Bere baitan  euskara elkarteak bil­tzen ditu, tokiko hedabide guztiak bazkide dira eta erdigunean herri­tarrak daude, beraiek dira protagonistak. He­rritarrei aterki bat ematen diegu Topagunean, formazioa, sentsibilizazioa, tailerrak... eskaini. Euskara bultzatzeko proiektuak proposatzen dizkiegu eta herrita­rrek aurrera egitea erabaki­tzen dutenean guk laguntzen diegu. Herritik sortzen den ideia edo ekimen batean bidelagunak gara gu.

Zein testuingurutan sortu zen?

Duela hogeita bost urte J.M. Sanchez Ca­rrion “Txepetx” soziolinguistak sortu zuen oinarri teo­riko baten bueltan sortu zen. Oinarri ho­rrek dio tokian tokian eta Euskal Herrian euskaldunak konpaktatu, elkartu behar direla.  Ideia horri segiz, herrita­rrak antolatzen eta artikula­tzen hasi ziren. Euskaraz bizi ahal izate­ko beha­rrezko guztiak egiten. Mugimendua pixkanaka zabaltzen eta lora­tzen joan zen 90.hamarkadan eta Euskal Herri osora hedatu zen. Gizarte mugimendu hau koordinatu eta lidera­tzeko sortu zen Topagunea. 

Zein da zuen egitekoa?

Gizarteko beharrei eran­tzuna eman  eta aldi berean gizartean eragitea. Euskararen erabilerari lekuak zabaldu behar dizkiogula izan da beti gure iparra. Gune  be­rriak eskaintzea euskarak bere lekua izan dezan arlo informalean,  formalean, aisialdian, hedabideen bidez...

Kongresua egin duzue berriki, zein ondorio atera dituzue?

Orain arte ongi eta gaizki egindakoak aztertu eta etorkizuneko urra­tsak zehazteko tenorea izan da. Ondorio nagusietako bat plazara gehiagotan atera behar garela izan da. Ikusezin egiten gaituzten hormak apurtu behar ditugu. Orain arte, behetik gora ikaragarrizko lana egin dugu eta orain, goitik behera blaitu behar ditugu herritarrak, mugimendua indartsuagoa izan dadin. Herrita­rren ilusioa piztu behar dugu eta sentsibilizazioa bultzatu.

Zeintzuk dira oztopo nagusiak?

Ilusio zapuztaileak deituko nituzkeenak. Garbi dago, hizkuntza bat desagertarazi nahi denean, hainbat bide erabiltzen direla. Haietako bat da herritar aktibo horiek desaktibatzea. Autoestiman eragin nahi dute, erabiltzen dituzten argudioekin jendeak bere hizkuntzari uko egitea bilatzen dute.  Horretan Nafarroako Gobernua trebea da. Horretaz gain, diru laguntzen afera ere badago Nafarroan, ez baitituzte euskarazko hedabideak babesten. Guzti horren gainetik, gu kapaz izan behar gara, ilusioa ez galtzeko eta sortzen segitzeko, oso produktu duinak ditugulako.

Zeintzuk dira etorkizuneko helburuak?

Euskarak guneak irabazten segitzea. Hori lortzeko hitz gakoa ilusioa da. Ekimen xumeen edo indartsuen bidez egingo dugu hori. Trabak egongo diren a­rren, aurrera egiten asmatu behar dugu. Guretzat oso garrantzitsua da herrita­rrak, norbanako gisa jardun beharrean integratuta egotea euskara elkarteen baitan, Topagunean. Ho­rrek  boterea ematen dizulako eta erabakiak konpartitzeko aukera ere bai.  Norbanakoak solteak badaude, isolatuta daude eta ez dute indarrik. Eskualde honetan zehazki, batze lan horretan indarra egin behar dugu. Nik esateak baino indar gehiago baitu guk esateak. 

PLAZARA 

«Orain arte, behetik gora ikaragarrizko lana egin dugu eta orain goitik behera blaitu behar ditugu herritarrak. Egiten dugun lana gizarteratu behar dugu, urte hauetan plazara kon­tzeptua bidean galdu baitzagu askotan. Herritarren parte har­tzea indartu, sentsibilizazio lana egin eta denon ilusioa piztu behar dugu». 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun