Joan den larunbatean, maiatzak 4, Beintza Labaiengo herriak ittur-ondo elkarteko bazkide eguna ospatu zuen. Eguraldiak poliki lagundu zuen eta egun ederra izan zuten herritarrak antolatutako hainbat ekitaldiez gozatu ahal izateko.
Eguerdi aldean, taldetxo bat elkartu zen kantu zaharrak abesteko karrikan barrena, Malerreka Kantu ekimenaren baitan. Denbora aurreratu ahala, jendea gero eta gehiago biltzen joan zen. Gustora eta giro ederrean aritu ziren betiko kantuetan, argazkian ageri denez.
Ondoren, bazkal aurretik, ohitura eta tradizioa den bezala, herritarren arteko aizkora lehia jokatu zen. Bertako partehartzaileak hauek izan ziren: Jose Luis Telletxea eta Xabier Mindegia, Jesus eta Miguel Anjel Etxeberria anaiak, eta hirugarren bikotea Jazinto Etxekolanea eta Pello Telletxea.
Ordubietan bazkaltzeko ordua iritsi eta bazkideek menu berezia izan zuten, besteak beste, bakailua eta txuleta.
Arratsaldean mus txapelketa jokatu zen, irabazleak Patxi Otxandorena eta Jose Albistur suertatu zirelarik.