Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa abiatu zen apirilaren 28an Etxarri Aranazen. Gizasemeen 320 kiloko, kadeteen 290 kiloko eta emakumezkoen 260 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen eta Amaiur A nagusitu zen kategoria nagusian.
Hain zuzen, 320 kiloko kategorian tiraldi guziak irabazi zituen Amaiur A taldeak (6 puntu), Berriozar izan zen bigarren (5 puntu), Basaburua-Imotz (4 puntu), Kaskallue eta Amaiurrek berdindu egin zuten (2,5 puntu) eta Txantrea izan zen azkenea (puntu 1).
Emakumezkoetan, Berriozar izan zen lehena, Sakana bigarren, Basaburua-Imotz hirugarren eta Txantrea laugarren.
Kadetetan, Andra Mari izan zen onena, Berriozar A, Berriozar B, Ultzama eta Beriainen aitzinetik.
Txapelketako bigarren saioa Amaiurko pilotalekuan jokatuko da maiatzaren 11n, 18:00etan. 320 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko da eta ondoren, lehen bi sailkatuen arteko finala. Kadeteek eta emakumeek bigarren jardunaldia jokatuko dute.
Maiatzaren 19an Iruñean eta 25ean Berriozarren, gizasemeen 300 kiloko bi jardunaldiak jokatuko dira. Kategoria honetan, 320 kiloko talde berak ariko dira: Amaiur A eta B, Txantrea A eta B, Nerriozar eta Basaburua-Imotz. Emakumezkoen eta kadeteen hirugarren eta laugarren jardunaldiak ere orduan jokatuko dira. Berriozarko saioan, kategoria bakoitzeko lehen bi sailkatuen arteko finalak ere jokatuko dira.