Maiatzaren 1ean ireki zen arrantza denboraldia eta goizaldeko 04.00etarako dagoeneko hasiak ziren arrantzaleak Endarlatsa ingurura hurbiltzen, izokin arrantzarako txanda hartzeko. Aurtengo “Lehenbizikoa” arratsaldeko 3:20an arrantzatu zuen Orkoiengo Roberto Lanz Lopez, 36 urteko arrantzaleak, Los 50 izeneko putzuan, kutxarilla erabiliz amuki gisara. 4,260 kilo eta 74 zentimetroko luzera zeukan lehen izokinak. Ikusi argazkiak
Izokina emea zen eta basatia, ez baitzuen Oronoz-Mugairiko haztegian egiten dizkioten marken aztarnarik. Roberto Lanzek zioenez, goizeko 5:00etarako ailegatu zen Endarlatsara Gorka Gonzalez Etxarr lagunarekin eta ordurako 11 ibilgailu zeuden eta arrantzaleak txandaren esperoan. Izan ere, eguna argitu bitarte arrantzatzerik ez bazen ere, jendea gauerdirako ere joana zen, 20 minutuko arrantzarako txanda lehenbailehen hartzeko intentzioarekin.
Roberto Lanzek zortzi urte daramazki Bidasora etortzen eta hirugarren izokina atera du. “Iaz ez nuen alerik ere ateri, nahiz eta bi kainabera hautsi nituen bi izokinekin eta duela bi urte bi atera nituen, baina inoiz ere ez nuen lehenbizkoa ateri eta ilusio berezia egiten du”, zioen arrantzaleak.
Donostiako Rekondo jatetxeko Txomin Rekondok 1.700 euro ordaindu zituen Lehenbizikoarengatik. Azken urteetan berak eskuratu du Bidasoan saltzen ahal den izokin bakarra, “jatetxeari fama ematen diolako”. Roberto Lanzek ere gustora hartu du diru-saria, beharbada Asturiasera arrantzara bueltatzeko aukera emanen diolako: “urte batean hiru aldiz joan nintzen Sellara eta gustatu egin zitzaidan, baina gaur egun, diruarengatik ezin dut joan. Beharbada diru honekin asteburu baterako joanen naiz”.
Beharrezko neurriak eta datuak hartu ondotik, Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen izenean Lorenzo Jaurena presidenteak eta Jose Mari Gainza arrantzale beteranoak, Lehenbizikoa arrantzatzeagatik oroigarria eman zioten Orkoiengo arrantzaleari, baita, lehen aldiz, arrantzarako txalekoa eta zapela ere.
Behin Bidasoko izokin denboraldia irekita, 52. alea ateratzerakoan edo uztailaren 15ean itxiko da sasoia.