Sarako hogoita hamargarren idazleen biltzarrean senpertarrek toki zabala izan dute aurten ere. Hantxe ziren, Auxtin Zamora, Joxet Lahet Juzan, Mixel Mendiboure, Jean Sauvaire, bertzeak bertze eta bistan dena Henri Duhau Adema Zaldubiren zazpigarren eta azken liburuarekin, Euskaltzaindiak plazaratua. Badira zonbait urte gure herrian finkatua den beskoiztarrak Zaldubiren lanak ezagutzeko parada izan duela elizgizon jakintsuaren ilobei esker. Duhauk lan gaitza bezain paregabea egin du maila haundiko idatziak berriz agertzeko. Lan hortan loriatu da. Saran eskaini zuen mintzaldia zioen testu mamitsuenak zazpi liburuki hauetan daudela. Azkenari “Zazpiak bat” deitzen diote zazpigarrena delako, bainan baita aldarrikapen hori edo horren erranahia orrialde hauetan indartsu errepikatzen delako ere, bereziki ‘Mendiko Artzain Beltxaren’ bertsuan.
Henri Duhauk azpimarratzen du holakoak idazten zituela Zaldubik bere denborako apez argituenetarik zelarik eta gainerat duela jadanik 150 urte! Euskal Herriaren burujabetasun aldarrikapena ez dela hasi duela bortz hamarkada frogatzen dute Senperen idatziak izan ziren testu horiek. “Zazpi Euskal-herriek bat egin dezagun” kantu famatuaren ondotik «Frantziatik bereiztea» ere aipatzen duela Zaldubik biziki ohargarria zaio Henri Duhauri.
Orain arte agertu ziren sei liburukiak eskuizkribuetarik etortzen zirela bakarrik dio beskoitzar-senpertarrak. Zazpigarren eta azken liburuan ere bada eskuzko zati bat, eta ez txarrena Duhauren erranetan. Dena den gehienak Eskualduna astekarian agertu ziren. Zaldubizalearen ustez, Senpereko elizgizon zena «beti bezain langile, artista eta idazle ona da euskaraz eta frantsesez».
Zaldubik Azkueri igorri zion gutuna irakurriz, agertzen da euskararen akademia baten beharra biziki argi zuela jadanik 1894an. Sarako idazleen biltzarrean eskaini zuen hitzaldi hunkigarrian, Henri Duhauk eskerrak eman zizkien laguntzaile guzieri eta bereziki Gratien Adema-Zaldubiri, «holako lekukotasun paregabea utzirik».